Maiatzak 1, Langileen Eguna

Lan eskubideen defentsan herritarrek kaleak bete dituzte

uriola.eus 2014ko mai. 1a, 15:47
Bilbo izan dute sindikatuek eszenatoki nagusi Maiatzaren Lehenengoan. Deialdi ugari izan dira eta, beste behin ere haustura sindikala nabaria izan den arren, milaka herritarrek parte hartu dute sindikatuek deitutako manifestazio eta mitinetan. Lan eskubideen defentsan kritika eta aldarrikapenak ozen zabaldu dituzte.

Milaka pertsona batu dira Jesusen Bihotzean ELA sindikatuaren deialdian, “Gure eskubideen alde kalera” lelopean. Adolfo Muñoz Txiki ELA sindikatuko idazkari nagusiak gogor kritikatu ditu agintari politikoak eta, batik bat, berreskurapen ekonomikoa errealitatea dela aipatu duten horiek: “Esanak esan, krisiak eta bere ondorioek luze joko dutela” iragarri du Muñozek.  Agintariei leporatu die, besteak beste, ATH proiektuan “dirutza xahutzea”, Espainiako Estatua “inboluzio antidemokratikora” eramatea, EITB Eusko Jaurlaritzaren “propaganda eta manipulaziorako buletin ofizial” bihurtzea eta Patronalaren gehiegikeriak “babestea”.

Prest agertu da ELAko burua Urkullu lehendakariarekin eduki zehatzen gainean hitz egiteko, hala nola, formakuntzari eta Osalani buruz, “erakundeak eta egiturak sustraitik aldatzeko”. Baina ez da prest agertu elkarrizketa zabaltzeko. Muñozen hitzetan, egun “ez dago baldintzarik elkarrizketa sozialerako”.

Confebask patronalari ere zuzendu dizkio hainbat minutu Txiki Muñozek bere hitzaldian. Lan erreformak egiteko “beldurra” baliatzea leporatu dio enpresarien erakundeari, eta beldur horri aurre egiteko “era bakarra elkarlana” dela gaineratu du. Langileen elkarlanaz ari zen, ez sindikatuen arteko elkarlanaz, batasun sindikala ez baitu egun gauzagarri ikusten. “Aliantza behar dugu” adierazi arren, LAB sindikatuarengandik urruti kokatu da. Kutxabanken bankarizazioan eta pribatizazioan adostutako akordioan LABek eta Bilduk parte hartu izanak urrundu zituen bi sindikatu abertzaleak, eta haustura hori gaindiezina da oraindik orain.

Kutxabanken pribatizazioa

Lehentasuna emango dio hurrengo hileetan ELA sindikatuak Kutxabanken aferari. Hain zuzen ere, Kutxabanken pribatizazioaren aurkako kanpaina aurkeztuko du ELAk hurrengo astelehenean. Muñozek aurreratu duenez, “mobilizazio elkarbanatuak” izango dira “arpilatzearen kontra”.

Erabakitzeko eskubidearen alde kalera atera da LAB

LAB sindikatuaren manifestazioa 12:00etan abiatu da Zabalburutik. Bertan, Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak adierazi du, Langileen Nazioarteko Egun honetan, langileek Euskal Herriko bizitza politikoan eta ekonomiari buruz edota eredu sozialaren inguruan erabakiak hartzerakoan, “protagonismoa izatea” eskatzen dutela.

“Erabakiak non eta nola hartzen diren” da egun bizi dugun krisi ekonomikoaren zergatietako bat Etxaideren esanetan eta salatu duenez, “langile eta herritarrei lapurtu egiten diete krisiaren aurrean egin behar denaz erabakitzeko eskubidea, etorkizuna hipotekatzen digutelarik”.

Hori dela eta, elkarrizketa soziala gauzatzeko, “gaur egungo politiken aldaketa eta erabakiak hemen hartzea ezinbestekoa” dela azaldu du LABeko idazkariak. Bukatzeko azpimarratu du ez dutela posible ikusten egungo gobernuarekin elkarrizketa sozialaz baliatuta ezer aldatu daitekeenik; beraz aterabidea, “langileria indartzea eta aliantzak sortzea” dela dio; “giza akordio handi baten beharra baitaukagu Euskal Herrian, eta akordio horren atzean sindikatuok egon behar dugu”.

Manifestazioan 6.000 lagun inguru batu direla jakinarazi dute Plaza Barriko ekitaldian eta bertan, Irati Sienra Ernai gazte antolakundeko kideak jendarteratu du  "prekarietatea sistemaren oinarrietako bat dela eta “gazteei bizitzea tokatu zaien egoera bat baino, diseinatutako estrategia” dela. Jarraian, Etxaidek hartu du hitza.

Gizarte kohesioaren alde egin dute CCOO eta UGTk

CCOO eta UGTko idazkari nagusiak, Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez, Bilboko manifestazioan egon dira, Maiatzaren Lehenengoa. ospatzen. Milaka pertsona bildu dira goizean goiz Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Raul Arzak eta Unai Sordok Madrilgo babesa jaso dute eta PSE-EEko kide ugarik ere parte hartu dute manifestazioan, Patxi Lopez Lehendakari ohia, Idoia Mendia, Jose Antonio Pastor eta Ramon Jauregi, besteak beste.

“Gizarte kohesio gehiago, demokrazia gehiago izateko” leloa zeraman pankartaren atzetik abiatu dira goizeko hamabietan.  Manifestazioari hasiera eman aurretik Raul Arzak “langileen egunaz gain borroka eta ospakizunaren eguna dela” esan du, eta era berean, Unai Sordok gehitu du, “Politika ekonomikoan aldaketa sakon bat eskatzen ari gara, gaur egun egiten ari diren politikak gizartearentzat txarrak direlako”.

Gran Via osoa igaro ondoren Arenalean jarraitzaileen aurrean adierazpenak egin dituzte. CCOO eta UGTko euskadiko eta Espainiako ordezkari nagusiek hitz egin dute. Europaren kontrako adierzpenak izan dira gehienak, Angela Merkel eta merkatuak areriotzat joz. “Afrikatik zetozen langileeak begi onez ikusten ziren lehen, orain “konzertinak” jartzen dizkiete, lana lapurtzera omen datoz, baina gure gazteek berdina egitea behartuta daude Merkel eta merkatuak jarritako murrizketen politikak direla eta” adierazi du Toxok.

Zenbait istilu

Maiatzaren Lehenegoak istiluak eragin ditu Bilbon. Ser irratiak eta Efe agentziak esandakoaren arabera, hainbat saltoki eta banketxeren kristalak hautsi eta pinturarekin zikindu dituzte gaur eguerdian Bilboko Alde Zaharrean.