Mena kaleko hiru familiak kaleratuko dituzte akordio faltagatik

uriola.eus 2014ko mai. 5a, 13:42

Banco Popularreko abokatuek eta inmobiliariako kudeaketa arduradunek PAH Kaleratzerik Ez! plataformaren eskakizuna ukatu dute.

 

Plataformak gaur goizean elkarretaratzea deitu du Kale Nagusiko Banco Popularraren aurrean kaleratu nahi dituzten hiru familiei babesa emateko. Aurreko astean, apirilak 29, ere bertan bildu ziren Banco Popularrari alokairu kontratu berriak eskatzeko.

 

Gaurkoan, plataformaren abokatua den Patxi de la Fuente batzartu da Banco Popularreko abokatu eta inmobiliariako kudeaketa arduradunarekin. Azaldu duenez, haien politika alokairurik ez egitea da, beraz, "ez da posible negoziatzerik". Kaleratzea atzeratzea ere eskatu die beste kasu batzuetan egin izan den bezala baina ez dira iritsi inolako proposamen edo akordioetara.

 

Gauzak horrela, maiatzaren 16an goizeko 9:15ean epaitegiko komisioak Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin Mena kaleko hiru familiak kaleratuko ditu. Honen aurrean, PAH Kaleratzerik Ez! plataformak deia zabalduko du auzokide eta bizilagun guztiei kaleratzeko arriskuan dauden familiei babesa emateko.

 

Hiru familiaren kaleratzea ekiditeko alokairu kontratu berriak eskatu dizkiote Banco Popularri