Datorren ikasturterako Haurreskolak Partzuergoko zentroetan matrikulazio epea gaurtik maiatzaren 14 arte zabaltzen dela ere plazaratu dute, LAB eta STEE-EILAS sindikatuetako Haurreskolak Partzuergoko langileen ordezkari eta bertako hezitzaileek. Haurreskolak Partzuergoa orain 10 urte sortu zela gogora ekarri dute, Eusko Jaurlaritza eta udaletxeen arteko hitzarmenaren ondorioz. Helburua argia zen: 3 urtetik beherakoen asistentzia eta hezkuntza-arreta ziurtatzea, lana eta familia uztartzeko bitarteko izatea eta haurraren heziketa eta garapen integrala bermatzea.
Sindikatuko kideen esanetan, proiektua pixkanaka handituz joan da eta 2003ko abenduan 31 haur eskolekin hasi baziren ere, egun EAEko 176 udalerritan daude eta 230 haur eskola izatera iritsi dira, bertan 1.200 hezitzaile ari direlarik lanean. Hamar urteko ibilbide oparo honetan 35.000 haur inguru egon dira haur eskoletan eta datorren ikasturteari begira 8.200 plaza eskainiko dirala aurreratu dute.
Gehitu dutenez, faurreskolak Partzuergoak oinarrizko Hezkuntza proiektu propioa izanik haur eskola bakoitzak bere lan ildoak eta jarduerak aurrera eramaten ditu. Horretarako formazio saioak jasotzen dituzte eta urtero formakuntzaren bitartez hezkuntza proiektua elikatzen dute, esku hartze koherentea izatea ahalbideratzen duena. Familiekin harreman estua dute eta haien esku hartzeen berri emateko eguneroko harremanean zein bitarteko ezberdinak jarriaz ere egiten dute.
Zerbitzu publikoa den heinean, hezkuntzako ziklo hau doakoa izatea eskatzen diote Haurreskolak Partzuergoari, Eusko Jaurlaritza eta Lege Biltzarkideei. Doakotasunaren bide horretan egun familiek ordaintzen duten kuota berraztertzea eskatzen dute eta euren diru sarrerekin bat etortzen den sistema egokitzea; finantziazio sistema egokiagoa bilatuz.
Horrez gain, Hezkuntza eskubide unibertsala den heinean, beharra dagoen zonaldetan eskaintza zabaltzea egokia litzatekeelakoan daude. “Landa eremuko haur eskolek herriei ematen dieten zerbitzu eta bizitza kontuan izanik, haur eskola txikiak babesten segitu behar” baita.
Beraz, Haurreskolak Partzuergoan, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek, poroiektu hau benetan publikoa eta doakoa izateko, behar den finantziazioaz, zikloaren aitortzaz eta proiektuak behar duen hedapenaren inguruko lanketari ekingo diotela adierazi dute. Lehendabizi, Gasteizko Talde Parlamentarioekin bilkurak burutuko dituzte, talde bakoitzaren jarrera eta planteamendua zein den jakiteko.
Amaitzeko azpimarratu nahi izan dute, matrikulazio epea 2014ko maiatzaren 5etik 14arte zabalik dagoela, eta Haurreskolak Partzuergoan hasteko lehen eguna irailaren 4a izango dela.