Darabilbo 2.0 abian jarri duzue. Zer da zehazki Darabilbo?
Udalaren eta euskaltegi sarearen ekimena da. Euskaltegi sarea aipatzen dugunean, Bilboko euskaltegi guzti-guztiak esan nahi dugu. Iazko Udalbatzarreko bilkura batean EH Bilduk aurkeztutako euskararen erabilera sustatzeko zuzenketa bat onartu zen eta hortik irten zen Darabilbo. Iaz lehen ekitaldiak egin ziren urritik abendura, eta aurten jarraitzea erabaki dugu.
BERTON aldizkariak aitzindaritzat jo zuen Darabilo egitasmoa, batik bat, erakunde, euskaltegi eta eragileen arteko koordinazioagatik.
Aurrerapausoa eman genuen iaz eta aurten koordinazio hori sendotzen ari gara. Euskaltegien sarea Bilbo mailan gauza zehatzetarako baino ez da elkartu. Darabilborekin batu dira eta haratago joateko nahia erakutsi dute. Hori bilbotarrentzat eta euskararentzat oso garrantzitsua da.
Zergatik hautatu duzue “Euskara freskue, auzokue” aurtengo lelo gisa?
Erabilera sustatzeko ekintzak auzoetan egitea azpinarratzekoa da, ez direlako soilik Bilbo erdialdean egiten. Oraindik orain, auzoek pisua dute gure hirian.
Berrikuntzak ere badira Darabilbo 2.0 egitasmoan. Zeintzuk?
Batetik, gauza puntualak auzo ezberdinetan antolatu ordez, jendeak eskatu digu ekintzei tailer izaera emateko. Horregatik aurten tailerrak toki finko batean egingo dira. Esaterako, trikot tailerra Solokoetxeko auzo elkartearen egoitzan izango da, eta 10 saio izango ditu. Bestetik, talde txikiak, gehienez 15 pertsonako taldeak komunikazioa bermatzeko, gainditu behar izan ditugu zenbait ekintzetan. Eta azkenik, garrantzitsuena, iraupena. Udaberritik abendura arte luzatuko da aurtengo Darabilbo. Egunero zerbait egon beharrean, astero bi ekintza egongo dira.
Udan ere?
Zer edo zer prestatu nahi dugu auzoetako jaietan eta Aste Nagusian bereziki. Oraindik ez dugu guztiz hitzartuta, baina zerbait egingo dugu.
Iaz Darabilboko erabiltzaileen erdiak euskaltegietako ikasleak izan ziren, laurden bat berbalagunak eta beste laurden bat Bilboko euskaldunak.
Ez genuen jakin Darabilbo zabaltzen, hori izan zen gure hanka-sartze handienetakoa. Euskaltegietako ikasle ia-ia denek ezagutu zuten zer den Darabilbo. Eskua jokatuko nuke berbalagunek ere badakitela. Hortik aurrera Bilboko euskaldunek badakiten? Aurten nahi dugu jakin dezatela. Aurkezpenera komunikabide piloa etorri ziren eta horrela gehiago zabalduko da. Gure nahia euskaltegietatik at ezagun egitea da, eta posible den neurrian Bilboko euskaldunak Darabilbora gerturatzea.
Epe luzeko egitasmoa da Darabilbo?
Bai, Udalaren hitza dugu Darabilbori jarraipena emateko eta euskaltegiak ere prest daude, Udalarekin edo Udalik gabe jarraitzeko prest daude.
Zein ekitaldi da arrakastatsuen?
Museoetako bisitaldi gidatuek arrakasta handia izan zuten, horregatik aurten Guggenheim eta Arte Ederren Museora bisitak mantendu ditugu. Bestelako eragileekin ere lortu dugu elkarlana: Mahatserri, Pa Ya!, Hika Ateneoa, Athletic Fundazioa, Tanttaka… kontaktu asko ditugu. Hala nola, aurten Peritoen Eskolarekin ekintzaren bat antolatuko dugu edota Txema Uriarterekin Bilbo Zaharreko meatzak ezagutuko ditugu. Ideia piloa ditugu egiteko. Gainera, jendeak ekintzak proposatzen dizkigu eten gabe; cup cake edota nordic walking egiteko ikastaroa, esaterako. Dirua ondo kudeatu behar dugu.
Maiatza bete ekitaldi
Ekitaldiz gainezka ekin behar dio Darabilbo 2.0 egitasmoak lehen hileari. Maiatzean, besteak beste, bisitaldiak museoetara (Arte Ederren Museora edota Guggenheimera), dastaketa saioak (kafe edota garagardo dastakekak) eta tailer ugari (Kuadernaketa japoniarra edota kakorratz eta trikot tailerra) eskainiko dira. Noski, den-denak euskaraz.
Berezietan bereziena, maiatzaren 21eko "Futbola eta krispetak" izeneko ekitaldia izango da. Athletic Club Fundazioarekin elkarlanean, The damned united filma eta mahai-ingurua antolatu dituzte Ibaigane jauregian. Izena emateko 688 827 564 telefonora deitu eta lekua gorde beharra dago.