Bizikletaren erabilera hirian aztergai izango dute TOPOketetan

uriola.eus 2014ko mai. 6a, 09:03

TOPOketak taldeak, giro xume eta atseginean, hiriari buruz hitz egiteko topaketak antolatu ohi ditu. Oraingo honetan, maiatzaren 11an egitekoa den Bizikleta Eguna dela eta, hiriko txirrindularen erabilerari buruz hausnarketa egitera gonbidatu ditu bilbotarrak.

"Bizi garen lekuekin erlazioa duen guztiari buruz hitz egitea" da TOPOketak taldearen xedea. Hiriak, pertsona edota gizarte gisara ere, "zelan eraldatzen ditugun eta zelan eraldatzen gaituzten", maila fisikoan zein emozionalean aztertzea, alegia.

Hurrengo saiorako, laugarrena jada, hiriko bizikletaren erabileraren gaia proposatu dute TOPOketak taldeko lagunek. Horretarako Biziz Bizi izango dute bidaide, Bilbon ibilbide luzea duen elkartea eta bizikletaren erabilera bultzatzen duena. Kirol bezala ez ezik, autoaren ordezko garraiobidea bezala aztertu nahi dute bizikletaren erabilera. Biziz Bizi taldeak gizartea sentsibilizatu nahian jarduera anitz antolatzen ditu bizikletaren inguruan. Besteak beste, Bizikleta Eguna. Aurten, maiatzaren 11n izango da, igandea. 12:00etatik aurrera, bizikleta txangoa prestatu dute Bilboko kaleetan zehar.

TOPOketak 4

Hiriko bizikletaren erabileraren gaia jorratzeko hitzordua BAOBAB tabernan (Printzipe kalea 1) izango da datorren maiatzaren 14an, asteazkena, 19:00etan. Saioa irekia da, beraz interesa izan dezakeen oro parte hartzera gonbidatuta dago.

Biziketa Eguna

Maiatzaren 11n, Arriaga Plazatik abiatuko da martxa 12:00etan, 10 kilometro inguruko ibilbidea egiteko. Edozein erabiltzaile motarentzat egokitutako ibilbidea da. Parte-hartzaileek oroigarria jasoko dute.

Ibilbidea: Areatzako kaia – Arriaga plaza – Areatzako zubia - Nafarroa kalea – Plaza Biribila – Kale Nagusia – Moyua plaza – Kale Nagusia – Jesusen Bihotza plaza – Sabino Arana – Felipe Serrate – Pitxitxi – Zunzunegi – Sabino Arana – Egia Generala – Gregorio de la Revilla – Gordoniz – Ferrokarrilaren zumarkalea – Santiago Brouard – Ametzola plaza – Enrique Eguren – Labayru – Rekalde zumarkalea – Moyua plaza – San Jose plaza – Elcano – Deustuko zubia – Pio X plaza – Francesc Macia – Botikazar erribera – Euskalduna zubia – Jesuen Bihotza – Abandoibarra – Uribitarte pasealekua – Isleta – Uribitarte – Barroeta Aldamar – Colon de Larreategi – Buenos Aires – Udaletxeko zubia – Sendeja – Viuda de Epalza – Areatza.