Euskara aurrekonturik baxuena duen hiriburua da Bilbo

uriola.eus 2014ko mai. 6a, 13:00

wikipedia.org
Euskararen aurrekontu eta baliabide publikoen estatistikak jasotzen dituen dokumentua aurkeztu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Bi urtean behin egiten den txostenak 2012ko datuak jendarteratu ditu eta horien arabera, Bilbo da biztanleko euskara aurrekonturik baxuena duen hiriburua.

2010etik 2012ra euskararen sustapenerako herri administrazioek bideratutako diru kopuruan murrizketa eman dela argi utzi zuen atzo arratsaldeko agerraldian Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak. 2010ean 162,8 milioi euro bideratu zituzten euskararen sustapenera eta bi urte geroago, 146,2 milioi euro, %10eko beherakada.

Siadecok egindako txostenean ikus daiteke Gipuzkoako Udalek bideratzen dutela diru gehien euskararen normalkuntzarako (34 euro biztanleko); ondoren arabarrak daude (25 euro biztanleko) eta azkenik, bizkaitarrak (22 euro biztanleko). Guztira, euskal udalek 28,5 milioi euroko inbertsioa bideratu dute euskarara.

EAEko hiriburuei erreparatzen badiegu, Bilbo da, argi eta garbi, biztanleko inbertsio gutxien egiten duen udala, 5,5 euro biztanleko. Donostiak, aldiz, bikoitza baino gehiago bideratzen du, 14 euro biztanleko eta Gasteizek 13 euro biztanleko.

Ikerketa hori burutzeko, instituzio publiko nagusiak, 5.000 biztanletik gorako udalak, hiriburuetakoak, hiru foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritza kontuan hartu dira eta nabarmentzekoa da euskara indartzera zuzenduriko diru laguntzetan Eusko Jaurlaritzarena dela ekarpen handiena 93,1 milioi eurorekin 2012an. Atzoko agerraldian, Patxi Baztarrikak gehitu nahi izan zuen laguntzen "erradiografia" bat egiteko asmoa dutela.