1985. urtean Areatzako musika kioskoan Udal Musika Bandaren kontzertuen atsedenaldietan bertsotan egiten zen. Udaberriko lehen saio haiek igande arratsaldetan izaten ziren. Orduan, Bilbon "euskaldunak geundenik ere ez genekien", gogoan du Joserra Bilbaok eta sarritan euskaldunek elkar ezagutzeko balio zuten bertso-saioek. "Bagenekin Siadecoren azterketen arabera Bilbon milaka euskaldun zeudela, baina non zeuden eta nortzuk ziren ez genekien".
Santutxuko bertso-eskola 1979an jaio zen. Eskolak lehen apostua Aste Nagusian egin zuen eta 1980rako zortzi saioko zikloa prestatu zuen. "Nahiko arrakasta" zeukala ikusita, bost urte beranduago "udaberrian ere zerbait egitea" erabaki zuen. Lehenik Areatzako kioskoan. Igandetan bertsoak entzutera jende nahiko batzen ez zenez, "saltoa" eman zuen: "Eguna aldatu genuen, larunbatera"; batzutan eguerditan, beste batzutan arratsaldetan, eta "euskal giroa sortzeko aurretik musika emanaldiak antolatzen ziren". Esaterako, Udal Txistularien Banda -"Boni Fernandez eta bere mutilak"-, edota gaur egun "pentsaezina litzatekeen" Kepa Junkeraren kontzertuak.
Areatzan obrak hasi zirenean hasi zen bertso-saioen saltaka. Bidebarrietako liburutegira leku aldatu ziren "aktuazio musikalak" bertan behera utziz. Baina "toki itxi bat larunbat goizetan ez zen egokia", beraz plazara egin zuten salto. 2000.urtean Santiago plazara eta 2001ean Plaza Barrira. 2002an "esperimentu" gisa, Kafe Antzokira. "Hiru bertso-saio eta bertso-ikuskizun bat" programatu zituzten lehen aldiz. 2003an Deustuko frontoian egon ziren, "ez ginen konforme gelditu", eta 2004an Santutxuko Karmelo plazan: "Arrakasta izan genuen, nahiko jende batzen zelako". Bertan 10 urte eman dituzte. Aurten hamaikagarrena.
30.edizio honetan "txapeldunak sobera" aurki daitezke Joserraren esanetan. Izan ere, Euskal Herriko eta Bizkaiko azken hiru txapeldunek abestuko dute Santutxun. Ranking-az gain, bada egitaraua osatzerakoan Santutxuko bertso-eskolak kontutan hartzen duen beste irizpide bat: "Emakumeen presentzia". Aurten, esaterako, bost andrazkok parte hartuko dute saioetan. Rankinga eta emakumea, Joserraren iritziz "horrela lortzen dugu oreka mantentzea".
Santutxuko bertso-plaza "plaza nahikoa finkoa da". 80-100 lagunekoa. "Batik bat, jende helduak osatzen du, "zeren larunbat eguerditan jende gaztea erakartzea ez da hain erraza. Ez da broma, horrela da". Gazteak erakartzeko errazagoa da "ostiral arratsaldez bertso-saioa egitea, beste giro batean".
Udaberriko bertso-saioak 2014 - EGITARAUA
Maiatzak 10, larunbata, 13:00etan, Karmelo plazan. Bertsolariak: Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Alaia Martin.
Maiatzak 17, larunbata, 13:00etan, Karmelo plazan. Bertsolariak: Miren Amuriza Plaza, Jone Uria Albizuri, Jon Maia eta Fredi Paia.
Maiatzak 30, ostirala, 20:00etan, Ricardo Bastida plazako Baztertxu tabernatik hasita: Bertso-kalejira Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes eta Ohiana Bartrarekin. Santutxu auzotik ibiliko dira bertsolariak, Bastida plaza, Dacca taberna (Karmelo plaza 20:30), El Rincon taberna (Karmelo galeriak 21:00), Zirkilu taberna (Santa Klara kalea 21:30), Guretxe taberna (Zona 22:00) eta Kiski´s tabernan (Iturriaga kalea 22:30) bukatuko dute ibilbidea.