Lokaleko zuloan kantu berriak lantzen badabiltza ere egunotan, zuzenean aritzeari uztea zaila egiten zaie. Hor baita azkenean gehien disfrutatzen duten lekua. Jende aurrean kantuak aurkezten izerditan bustiak. Bilboats enpresako arduradunarekin hitz egin eta gero, honek aurretik zeukaten itsasontziari, laster beste katamaran antzeko bat gehituko ziotela adierazi zien.
Honek, esarlekuak kenduta, espazio diafano bat eskainiko zuelarik. Segituan, Bilboko itsasadarretik hiria kontzertu bat eskainiz zeharkatzearen burutapen edo "harrikada" etorri zitzaien burura. "Ibai Eder" katamaran berri honetan sartzen den jende kopurua mugatua bada ere (60 pertsona), emanaldia itsasadarreko bazterretatik ikusi eta entzun ahal izango da.
Beraz badakizue, maiatzaren 31n Solte taldeko kideak trasto guztiekin itsasontzi batera igo eta Bilbo barrenean sartuko dira sorpresa bat edo beste gordeko duen emanaldia lau haizetara zabalduz. Kontzertua eguerdiko 12:30ean hasiko da udaletxe aurretik.