Deustuko kultur aniztasuna Deustuko gazteen ikuspuntutik

uriola.eus 2014ko mai. 8a, 11:46

Hogei gaztek eskuko telefonoen bidez egindako dokumental txikia da ‘Deustuko burrunbak’, bizi duten kultur aniztasuna erakusten duena. Dokumentala aurrejuzguen, estereotipoen, bete bako premien eta bidezko asmoen munduan murgildu da, protagonista gazteen ikusmoldetik. Gaur, maiatzak 8, aurkeztuko da, 19:00etan, Bidarte udaltegian.

Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak gaur, maiatzak 8, 19:00etan Deustuko Barrutiko Udaltegiko Ekitaldi Aretoan ‘Deustuko burrunbak’ izeneko dokumental txikia aurkeztuko du. Parte hartzeko sormen-lan audiobisuala da, Deustuko barrutian dagoen aniztasuna agertu gura duena eta Bilboko Udalak onartutako Bi-Open Dibertsitatea Gestionatzeko Udal Planaren barruan sartzen dena.

Ikus-entzunezko kontakizuna da. 15 minutuan laburbiltzen du 16tik 19 urtera bitarteko 18 neska-mutilek (3 bertakoak eta 15 etorkinak dira) egindako lana. Eskuko telefonoak erabilita, mapaketa egin dute Deustuko dibertsitatea erakusteko. Dokumentala aurrejuzguen, estereotipoen, bete bako premien eta bidezko asmoen munduan murgildu da, protagonista gazteen ikusmoldetik.

Urtarrilean eta otsailean gaitze eta sorkuntza audiobisualen tailerrak egin ziren gazteentzat eta han ikasi zuten eskuko telefonoak eduki digitaleko grabazioak eta sormen-lanak egiteko erabiltzen.

Ekimenaren helburua, berriz, Deustuko dibertsitatearen inguruko eztabaidan eta gogoetan jarraitzea eta pertsonak eta jarrerak hurbiltzen saiatzea da.

Eztabaida, gogoeta eta trebezia pertsonalak eta sozialak garatzea

Deustuko Burrunbak Identibuzz Deusto proiektuaren emaitza da. Kulturen arteko harremanak eta jatorri eta kultura ezberdinetako pertsonak elkartzeko eta berba egiteko guneen bidez, bizikidetza bultzatzen dituen gizarte eta hezkuntza mailako proiektua da. Parte hartzeko eduki digitalen sorrera ere sustatzen du. Eztabaida, hausnarketa eta trebezia pertsonalen eta sozialen garapena ere suspertzen ditu parte hartzen duten gazteen artean, euren inguru sozial eta fisikoa hobeto ezagutzeko eta harekiko lotura hobetzeko. 

Identubuzz Euskadi proiektuaren lagina

Identibuzz Deusto, Úbiqa. Tecnología, ideas y comunicación SL-k asmatu eta taxututako proiektua da, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak finantzatuta. Testuinguru zabalagoan dago sartuta: Identibuzz Euskadi. Proiektu honekin Euskal Herriko hainbat herritako esperientzien mapa egin eta herritarren dibertsitatea agertuko duen kontakizuna biribildu nahi da, pertsonak zelan hurbiltzen diren eta euren artean eta inguruarekin zelan jartzen diren harremanetan erakutsita, ezagupena eta bizikidetza sustatuta herritarren artean. Getxo, Tolosaldea, Ermua, Portugalete edo Vitoria-Gasteiz, eta Deustu noski, dira Identibuzz Euskadi proiektuaren mapa osatzen duten esperientzietako batzuk.

Informazio gehiago:

www.identibuzz.org

www.ubiqa.com