Pintxo lehiaketa Santutxun, pintxo ibilbidea Deustun

uriola.eus 2014ko mai. 8a, 13:38

Tabernetako giroa eta kontsumoa berreskuratu asmoz ekimen ugari jarri dira martxan. Horietako bi gaur abiatuko dira. Santutxun tabernari profesionalak pintxo onena eskaini asmoz lehiatuko dira eta Deustun, berriz, pintxo-pote ibilbideak antolatu dituzte.

Santutxu auzoko profesionalentzako lehiaketak auzoko gastronomia bultzatzea helburu du eta, bide batez, "Santutxuk duen maila gastronomikoa munduari erakustea".

Partaide bakoitzak, 44 taberna eta jatetxe guztira, pintxo bana aurkeztuko du eta bezeroei 1,50 euroko prezioan salduko du, gaur hasi eta maiatzaren 25era arte.

Santutxu pintxotan lehiaketak maila bi ditu, hiru sari dituen herritarren bozka hautatua, eta beste maila nagusiago bat, Bizkaiko sukaldari onenekin eratutako epaimahai profesional espezializatua hautatua.

Herri bozkaketan hiru sari egongo dira:
    •    Boto-emaileen pintxorik gustukoena
    •    Pintxorik originalena
    •    Auzoko barrarik atsegin eta jatorrena

Maila nagusian, epaimahai profesionalak Santutxu pintxotan 2014ko pintxo irabazlea hautatuko du. Punta-puntako bederatzi sukaldarik osatuko dute lantaldea. Horietako lau santutxuarrak dira. Honakoa hauek dira epamahikide: Jose Migel Olazabalaga -Aizian jatetxeko sukaldaria-, Fernando Canales -Etxanobe jetetxekoa-, Hung Fa -Igeretxe hoteleko sukaldaria eta Top Chef saioko lehiakidea-, Paul Ibarra -Etxanobe jetetxeko I+D arduranduna-, Javi Izarra -Tamarises jatetxeko sukaldaria eta santutxutarra-, Aitor Elizegi Bascook jatetxeko sukaldaria eta santutxutarra-, Arkaitz Arostegi eta Aitor Blanco -Aizian jatetxeko sukaldariak eta santutxutarrak- eta Alvaro Garrido -Mina jatetxeko sukaldaria-.

Maiatzaren 25ean, igandean Hotel Gran Bilbaon. Azken hamar finalistek, hoteleko sukaldean, beraien pintxoak prestatuko dituzte eta areto nagusian, jendaurrean eta epaimahaiaren aurrean aurkeztuko dute.

 

Deustun, maridajea

23 taberna dira Deustuko ibilbide grastronomikoaren sustatzaile. Gaur hasi eta maiatzaren 18ra arte nork bere proposamena plazaratuko du; pintxo "berezia" ardo "egokiarekin" lagundurik bi euro eta erdian eskainiko dute.