'Jarioak' Naia del Castilloren arte erakusketa hurre-hurretik

uriola.eus 2014ko mai. 12a, 09:22

Emakumearen inguruko lan eskultoriko eta fotografikoak bildu ditu Naia del Castillok 'Jarioak' erakusketan, 2013an Bilbao Arten egindako egonaldian burutu zuen lanaren emaitza gisa, aurten aurreneko aldiz aurkeztuko dituen beste lan batzuekin batera. Erakusketa Bilbao Arteko erakusketa-gelan maiatzaren 16ra arte ikusgai egongo da.

 

Naia del Castillo dugu, 2013an beka jaso zuten 26 artisten artean, aurtengo edizioko epaimahaiak Bilbao Artek Urazurrutiako 32an duen aretoan banakako erakusketa bat antolatzeko aukeratu dituen zazpi artistetako bat. Aurten, 31 artista eta 2 kolektibo artistiko egiten ari dira egoitza artistikoa Bilbao Arten, Bilboko zentro honek BBK Fundazioaren laguntzaz sortzaile gazteei eskaintzen dizkien bekei esker.

1975ean Bilbon jaioa, Naia del Castillo Arte Ederretan Lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean eskultura alorrean eta Arte Ederretako Master bat egin du ohore metrikularekin Londreseko Chelsea College of Art and Design-en. Hainbat erakusketa egin ditu, hala kolektiboak nola indibidualak. Beste askoren artean: 12 artistas en el Prado El Prado Museoan (2007), Ofrendas y Posesiones Madrileko Distrito 4 galerian -Erakusketa hoberenari Saria Off Zinemaldia PhotoEspaña05-, Altered perceptions Hong Kongeko Ilivetomorrow Galleryn (2011) edota Desplazamientos Mexico DFko Casa Galerian (2012) adibidez.

Emakumeak bere burua aurkezteko egiten duen irudiaren erabilera da Bilbao Arteko erakusketa honen ardatza. "Irudi fotografikoa da lanean erabili dudan materia, inprimatuz eta berriro argazkia ateraz, irudia biderkatuz", azaldu du artistak. Erakusketaren izenburua, Jarioak, irudi fotografikoetan egiten den uraren erabilpenarekin lotuta dago, urez inguratutako emakumeen lehengo argazkietatik hasita. "Urarekin sublimearen ideia landu nahi nuen", nabarmendu du Del Castillok. 

Emakume irudien barrualdea eta kanpoaldea erakustea da helburu nagusia, baina nortasun-geruzekin batera, erakusketak bitarteko fotografikoaren ugaltze-ahalmena ere islatzen du.

Erakusketaren barruan, 20 segundo deritzon lana ere jarri da ikusgai. Lan bitxi hau hormak apaintzeko paperean inprimatutako bideo-sekuentzia bat da, bolumen eta mugimendu sentsazio bikoitza eragiten duena.

Lehendabiziko aldiz, Naia del Castillok Bilbao Arterako propio landu duen Zakuak instalazioa erakutsiko du. "Pieza ugari dira, urpean biraka dabiltzan emakumeen gorputzen argazkiak, zaku horien formarekin bat egiten duten airez betetako gorputzak, katibu dauzkan forma horretarik ihes egin nahi balute bezala", nabarmendu du artistak.

Emakumeak dira artista honen lanaren ardatz. Bere esanetan, "emakumeak artean izan duen irudia karga kultural handikoa da. Autorreferentzia gisa ere interesatzen zait, nire lanak munduarekiko harremanen birplanteamenduak baitira. Nire lanetan emakumea agertzen da, emakumea naizelako eta islatuta sentitzen naizelako".