Ekainaren 30era arte Euskal Herriko 42 herritan abian dagoen ekimena da Irakurri, Gozatu eta Oparitu. Tartean dago Bilbo ere. Kanpainan parte hartzeko irakurleek hiru pauso eman behar dituzte. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, eta horretarako, edozein udal liburutegira joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da. Ostean, bigarren pausoan, liburua irakurri ondoren, liburutegira bueltatu eta fitxa sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi daukagun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa txekea emango dio irakurleari, hitzartutako liburu-dendan erabiltzeko.
Azkenengo pausoa liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati edota norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen prezioaren %25 ordaintzeko aukera izango da. Kanpaina ekainaren 30ean amaituko da, baina txekeak uztailaren 5era arte erabili ahal izango dira.
Aurreko urteetan ikusitakoaren arabera, antolatzaileen esanetan, kanpainak "eragin positiboa" dauka herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburu maileguen erabileran. Egitasmoaren helburuetako bat da euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Modu berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina be kontuan hartzekoa da.