Giza kate baten bidez Mena kaleko etxe kaleratzeak bertan behera geratzeko eskatu dute

uriola.eus 2014ko mai. 12a, 16:56

Hainbat eragilek deituta, giza katea egin dute goizean Banco Popularretik, kaleratzeen aurrean arreta ematen duen udal zerbitzura, Aznar eraikinera. Ekintza horren bidez, ostiralean etxetik kaleratuak izango diren Mena kaleko hiru familien egoera salatu nahi izan dute.

Ostiralean, maiatzak 16, goizeko 09:15ean, epaitegiko komisioak Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin Mena kaleko hiru familia etxetik kaleratuko ditu. Banco Popularrak etxebizitza horien jabetza zuen enpresari enbargatu edo bahitu zizkion lehenik pisuak eta orain, bertan bizi diren lagunak kalean utzi nahi ditu PAH kaleratzerik ez plataformaren arabera. Etxebitzen kontratuak PROINSUCO S.L. enpresak egin zituen “etxebizitzen jabea ez zenean”. Hori dela eta, epaileak kontratuak baliogabetu ditu. Beraz, 2011tik, bertako bizilagunek alokairuko errenta ordaintzen jardun dute eraikineko jabe ez denari.

Gaurko giza katearen bidez, Bilboko Udalari kaleratzeen aurrean "benetako neurriak" hartzea eskatu diote izan ere, kaleratuak izango diren senideak kaleratzeen aurrean arreta ematen duen udal zerbitzura jo baitute inolako irtenbiderik lortu gabe.

Ostiraleko kaleratzeen aurrean, PAH Kaleratzerik Ez! plataformak deia egin zien auzokide eta bizilagun guztiei, ostiralean, 09:15ean, kaleratzeko arriskuan dauden familiei babesa ematera.

[2014/05/05] Mena kaleko hiru familiak kaleratuko dituzte akordio faltagatik