Zenbat Garak "Gazteola" ekimena aurkeztu du, haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko

uriola.eus 2014ko mai. 13a, 13:15

Zenbat Gara elkarteak "Gazteola" aurkeztu du gaur, haur eta gazteen aisialdian eta hezkuntzan euskararen erabilera sustatzeko ekimen berria. Urte osoan jardungo duen ekimena izango da Gazteola, baina uda honetarako jada hainbat campus, udaleku eta jarduera-tailer antolatuko dituzte, haur eta gazteei zuzenduta.

Gazteolak haur eta gazteen hezkuntzan eta aisian euskararen erabilera eta euskal kulturaren ezaguera sustatzea izango du helburu, modu eurentzat jostagarrian baina planteamendu sendo batekin. Zenbat Gararen izenean aurkezpena egin duen Xabier Monasteriok ekimen hau kokatu du elkartearen gainerako ekimenen artean (Kafe Antzokia, Gabriel Aresti euskaltegia, Bilbo Hiria irratia eta Algara konpartsa, besteak beste) eta, horiek bezala,“ezagutzatik erabilerarako pausua” ematea du helburu.
 
Ekimen honen helburu nagusia dugu haur eta gazteentzako euskarazko aisialdi eta hezkuntza esparru berri bat sortzea Bilbo erdian bizkaitar eta euskaldunentzat, euskaraz gozatzeko. Gaurko aurkezpenean Gazteolako arduradun Aritz Estibezek azaldu duenez, aurrekariak ditu ekimen honek “duela bi urte Danok Bat futbol taldearekin antolatutako lehen futbol campusean. Kurkuluxetan antzerki eskolarekin antolatutako antzerki udalekua eta akademia ere izan ziren orduan. Iaz, berriz, campus eta udaleku gehiago antolatu ziren, hainbat elkarterekin lankidetzan, eta emaitzak oso onak izan ziren”. Hor hasi zen mamitzen haur eta gazteentzako eskaintza sendo eta iraunkorra prestatzeko ideia. Estibezek aurreratu duenez, Gazteolak urte osorako sortutako proiektuez gain "hainbat eskolarekin elkarlanean hasi gara, euskara arloko beharrizanak gurekin batera hobetzeko".
 
Udari dagokionez, berriz, aurten, 6 eta 19 urte bitarteko gazteentzat hainbat ekimen antolatuko dira ekainetik irailera. Alde batetik, beste elkarte batzuekin antolatuko diren campusak daude: futbol, saskibaloi, bertso, pilota eta ingeles campusak, hurrenez hurren Danok Bat futbol taldearekin, Bizkaiko Saskibaloi Federazioarekin, Bertsozale Elkartearekin, Bizkaiko Pilota federazioarekin eta Eliot School akademiarekin elkarlanean. Horiez gain, multikirol campusa eta Rock campusa ere izango dira Bilbon, Bilborock aretoan, eta futbol campusaz gain futbol teknifikazio campusa ere izango dugu Danok Bat taldearekin batera.
 
Campusez gain, udaleku eta tailer asko antolatuko dira haur eta gazteentzat: “Dantzaz blai” dantza udalekua, musika sorkuntza eta DJ tailerra, bideogintza tailerra, antzerki udalekuak, jolas eta kanta udalekuak, eta haurrentzako euskara akademia izango da Bilbon. Halaber, gazteek barnetegiak izango dituzte Bakaikun (Nafarroan) eta Bilbon eta ikastaro trinkoak Bilbon.

Gazteolako ekimen hauen gaineko informazio guztia eta horietan izena emateko aukera aurkituko dugu  www.gazteola.com webgune berrian.

Bestalde, helduei dagokienez, Gabriel Aresti euskaltegiak aurten ere barnetegiak antolatuko ditu, Bilbon eta Bakaikun, eta ikastaro trinkoak, uda euskara ikasi eta maila jasotzeko profitatu nahi dutenentzat. Gainera, aukera berriak eskainiko ditu 2014ko udan ere euskara ikasteko. Euskaltegiko zuzendari Isabel Isazelaiak nabarmendu du aurten kultura eta natura barnetegiak izango direla Bakaikun eta Bilbon, eskolarik gabekoak baina ikasi eta gozatzeko jarduera-programazio zabala dutenak. Beste ekimen berri bat izango dugu asteburuetako barnetegiak, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean. Azkenik, astean hiru egunez soilik izango diren bost orduko ikastaro trinko berriak azpimarratu ditu Isazelaiak, goizean lan egiten duen jendearentzat aproposak. Gainerako kurtsoen eta udako eskaintza osoaren informazio guztia, www.gabrielaresti.com webgunean aurkituko dugu, izena emateko aukerarekin batera.

Bertoko produktuei garrantzia

Campusetan elikadurari emango zaion garrantzia azpimarratu du azkenik Xabier Monasteriok: "Gure balioak elkarlana, ingurunearekiko begirunea eta herri baten partaide izatea dira", adierazi du. Hortik sortu da udako campus eta barnetegietan gure sektorea babesteko ideia, menuetan zein alderdi didaktikoan. "Hazi erakundearekin batera harremanetan gaude eta gure jatordu guztietan oso kontuan eta neurri handian emango ditugu gure bertoko produktuak, gure kulturaren zati garrantzitsua diren heinean".

Jateaz gain, udaleku eta ikastaro horien edukietara ere eramango da interes hori eta tailerrak egingo dira elikaduraren inguruan, bertako produkuen garrantziaz jabetzeko. Monasteriok gehitu duenez, "Horrelako ekimen bat egingo den lehen aldia izango da. Kostu handia izango du baina uste dugu merezi duen ahalegina izango dela".