Zurbaranbarriko jaiei hasiera emango dion txupina arratsaldeko 17:30ean botako dute, eta hortik aurrera festa izango da nagusi Mahatserriko auzoan. Gaurko egitarauean iturri tailerra eta Tour-a egongo da, eta jaiei gozo-gozo ekiteko janari dastaketa.
Denetarik dakar aurtengo egitarauak: kontzertuak, erromeriak, bazkariak, txapelketak, jolasak... adin guztietako jendea biltzeko eta ederto pasatzeko planak izango dira.
Txosnen irekiera izango da 17:30ean. 18:00etan Nola antzezlana ikusteko aukera egongo da Hortzmuga taldearen eskutik. Gauean, Happy Morgue taldeak hasiera emango dio txosna guneari 20:30ean eta garagardoak, freskagarriak eta kalimotxoak euro batean eskainiko dituzte.
Goizeko hamabietatik aurrera, eskulanen erakusketa egongo da auzoko udaltegian. Arratsaldean umeentzako puzgarriak, buru-haundiak, txokolatada eta futbito txapelketa egongo da. Nagusientzako, berriz, igel txapelketa, txaranga-poteoa Guretzat taldearekin eta gauean erromeria Lisker taldearekin.
Larunbateko agendak egun osoaz gozatzeko aukera eskainiko du. Paella lehiaketa izango da eguneko unerik garrantzitsuena. Horrez gain, jai batzordeak, futbolin, eskupilota, txapela jaurtiketa eta irrintzi txapelketak antolatu ditu. Txapelketa guztien sariak gauean banatuko dituzte, kontzertuen aurretik. Iluntzean De Acero (Extremoduroren tributoa) eta Ke Baina taldeek kontzertua eskainiko dute txosna gunean.