Bilbo hiriaren ikuspegi berri bat

uriola.eus 2014ko mai. 15a, 13:14
Zortzi hilabetetan Bilboko barruti bakoitzeko obra bana kaleratuko dute Aitor Gomez, Asier Olabarrieta eta Unai Villenak. Literatura, musika eta argazkigintza nahastuz "gure irudimenarekin unibertso bisual, literario eta soinudun propioa sortu eta hiriaren ikuspegi berri bat" eman nahian. Deustuko ‘Atzealdean, ezkutuan’ lehen ekarpenaren ostean, aurrera begirako lanak azaldu dizkigute.

Proiektua osatzen duten elementuak deskribatzeko zenbaki bat aukeratu beharko balute, dudarik gabe hirua aukeratuko lukete; proiektuak hiru ardatz dituelako (Sorkuntza, Bilbo eta Euskara), proiektuko sorkuntza lanek hiru diziplina uztartzen dituztelako (literatura, musika eta argazkigintza), eta hiru direlako proiektua bultzatu eta elkarrekin gauzatzen ari diren pertsonak (Aitor Gomez, Asier Olabarrieta eta Unai Villena).

Hiruek amankomunean dute diziplina ezberdinetan sortzaile direla, eta euskara eta Bilbo "maite" dituztela. Bat-etortze horretatik eta euren adiskidetasunetik jaio da Hiri asko bere baitan proiektua. Bilboko zortzi barrutiak abiapuntutzat hartuta, "hiriaren ikuspegi berri bat" eman gura dute: "Gure irudimenarekin sortutako unibertso bisual, literario eta soinuduna baliatuz".

Horrela, Bilboko zortzi barrutietako bakoitzean argazki bana egingo du Aitorrek, barruti bakoitzarekin lotutako euskarazko testua idatziko du Unaik eta barruti bakoitzari musika ipiniko dio Asierrek; hiruen artean zortzi argazki-testu-musika-lan edo obra sortuko dituzte. Obra hauek formatu ezberdinetan emango dituzte ezagutzara: birtualki (blog honen bidez eta liburuxka digital batean) eta fisikoki (ikus-entzunezko emanaldi baten bidez, argazki erakusketa batean, eta liburuxka+CD batean).

Sorkuntza prozesua

Proiektu honekin zortzi hilabete (2014ko apiriletik azarora arte) iraungo dituen sorkuntza prozesuari ekin diote: indibidualki sortu, bakoitzak sortutakoa besteek sortutakoari batu, hiruoe lana nahastu eta elkar aberastuz. Prozesuak bere barnean hartuko ditu ondorengoak:

  • 8 argazki-testu-musika-lanak sortzea (eta blog honetan hilero haietako bat plazaratzea)
  • Estudio batean testuak eta musika uztartuz grabaketa egitea
  • Liburuxka digitala eta liburuxka+CDa sortzea
  • Argazki erakusketa sortzea
  • Ikus-entzunezko emanaldia (azaroak 29an Bilborock aretoan)

Diziplina ezberdinak eta euskarri tradizional eta berritzaileak nahastu nahi dituzte, eta "ondare txiki bat utzi nahi diogu Bilbori". Emanaldiaren ostean erakusketa libre geldituko da, Bilboko udal-barrutietan zehar mugitzeko, eta interneten bloga eta liburuxka digitala egongo dira zintzilik, erakusketaren osagarri, egindako lana Bilbon barrena eta kanpora heda dadin.

Jasotzaileen parte-hartzea

Sorkuntza prozesuan ez dute bakarrik egon nahi: "Arestian aipatutako guztiaren zati handi bat proiektuaren jasotzaileekin partekatuko dugu sare sozialen bitartez, eta parte hartzera animatuko zaituztegu bertatik". Bilbo, argazkigintza, literatura eta musikarekin zerikusia duten sarrerak egingo dituzte proiektuaren profiletan (Facebooken eta Twitterren), eta iritzia eskatuko dute "zuen ezagutzak gurekin partekatzera animatuko zaituztegu, eta gonbitea luzatuko dizuegu prozesuaren fase ezberdinetan, hainbat modutan, partaide izateko". Sorkuntza prozesu "bizia" eman nahi diote proiektuari, eta espero dute prozesuak aurrera egin ahala, p"ertsona eta talde ezberdinekin harremanak sortu eta sendotzen joatea".

Hiri asko bere baitan, Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailaren Gazteria zerbitzuak antolatutako “Ideiak Martxan” lehiaketaren sariduna da.