Film honek Fas Zine Klubak emandako Zuzendaritza Berritzaileenaren Saria ere lortu du. Matthew Robbins zuzendari, gidoilari eta ekoizle iparramerikarrak, Carlos Areces antzezleak eta Andrea G. Bermejo kazetari, zine-kritikari eta blogariak osatutako nazioarteko epaimahaiak “proposamenaren originaltasuna eta pertsonaiekin nahiz ikusleekin erakutsitako errespetua” nabarmendu ditu Byrkit-i saria emateko arrazoien artean, epaian irakur daitekeenez.
Coherence zientzia-fikzioaren eta beldurrezko zinemagintzaren artean landutako filma da. Bertan, lagun artean afaltzen ari diren lau bikote solasean hasiko dira, kometa baten igaroaldiak 90 urte lehenago Finlandiako herri bateko biztanleen artean eragindako efektuei buruz. Hortik aurrera, lagun arteko afari lasaia korapilatuz joango da gertaera bitxien eraginez. Filma zinema-areto komertzialetan banatuko da udatik aurrera, La Aventura Audiovisual banaketa-etxearen eskutik. FANTen XX. edizio honetako Palmareseko gainerako kideei dagokienez, epaimahaiak David F. Sandberg zuzendariaren Lights Out (Suedia, 2013, 3’) filmari eman dio sail ofizialeko Film Labur Onenaren Saria, “lanaren eraginkortasunagatik eta iraupen laburraz egiten duen erabilera onagatik”. Euskal Film Labur Onenaren Saria, Aritz Morenok 2013an zuzendutako Colera sei minutuko filmarentzat izan da, “lanaren sendotasunagatik eta eszenaratzearekiko konfiantzagatik”. Lights Out filmak, oheratzerakoan itzalean artean ezkutatuta dagoen zerbait ikusi duen emakume baten estutasuna islatzen du, eta Colera deritzonak –Luis Tosar protagonista duenak– justizia beren kasa egiten duten herri bateko biztanleen istorioa eta horren ordainetan pairatu beharreko ondorioak azaltzen ditu.
Era berean, Euskal Gidoilarien Elkarteak, hildakoez betetako hilobi batean esnatu den amnesiko baten inguruko istorioa azaltzen duen Gonzalo Lopez Gallego madrildarraren Open grave (EEBB 2013, 101’) filmari eman dio Gidoi Onenaren Saria. Bestalde, publikoak Carles Torrens-en Sequence (Espainia 2013, 20’) aukeratu du FANT Laburrean saileko garailetzat. Film bitxi honetan, gizon bat goizean esnatu eta aurreko gauean mundu osoa berarekin amets egin duela konturatzen da.
Amaierako Ekitaldia, gaur arratsaldean
FANTen amaierako ekitaldia, sari-banaketa barne, gaur arratsaldean egingo da BBK Aretoan, 20:30etatik aurrera, Ibon Areso Bilboko Alkatea eta Jone Unzueta Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotzi ordezkaria bertan direla. Ekitaldi berean, FANTROBIA Saria -jaialdiak urtez urte genero fantastikoan nagusitutako figura bati ematen dion golardoa- emango zaio Jorge Doradori. Film laburretan egindako karrera arrakastatsuaren ondoren, Doradok Mindscape izenburuko bere lehen film luzea estreinatu eta FANTen aurtengo edizioan aurkeztu du. Sari-banaketaren ondoren, ZARPAZOS! Un Viaje por el Spanish Horror deritzon dokumentala pantailaratuko da. Christopher Lee-ren aurkezpena eta Paul Naschy-ren atarikoa dituen Victor Matellanoren lan honek joan den mendeko 60etako, 70etako eta 80etako fantaterrore espainiarren errepasoa eskainiko du. Era berean, FANTen amaierarako ekitaldi honetan, BRIT 2014 sarien bideo musikalen kategoriarako izendatuta dagoen Ian Pons Jewell zuzendari britainiarraren Angels film laburraren mundu mailako estreinaldia eskainiko da. Azkenik, Def con Dos rock taldea kontzertu bat eskainiko du FANT jaialdiari amaiera emateko. Sarrerak 10 euroko prezioan eros daitezke (8 eurotan aldez aurretik erosiz gero), kontsumizioa barne, kontzertua egingo den Barrinkua kaleko “Evidence Café” aretoan.