Servini epaileak Kaltzada neba-arreben deklarazioa jasoko du gaur

uriola.eus 2014ko mai. 19a, 14:00

Asteburuan heldu da Bilbora Maria Servini argentinar epailea. Asteazkenera arte egongo da Euskal Herrian, eta Espainiara joango da ondoren. Atzo Felix Padin milizianoarekin eta Gasteizko Legebiltzarreko ordezkariekin bildu zen. Gaur, adinagatik edota osasun arazoengatik Argentinara deklaratzera joan ezin izan duten Busturiako Kaltzada neba-arreben lekukotza entzungo du.

Julen eta Luisa Kaltzada neba-arreba busturiarrekin elkartuko da Maria Servini epaile argentinarra gaur.  Julen Kaltzada apaiza preso hartu zuten Zamoran eta Burgoseko Prozesuan ere epaitua izan da. Haren arrebak, aita, beste zazpi kiderekin batera, fusilatu zutela salatu du, Busturian. Gernikako epaitegiko baimena eskuratu behar du Servinik Julen eta Luisa Kaltzada neba-arrebei deklarazioa jaso ahal izateko. Gernikan egon ostean Donostiara joatekoa da epaile argentinarra.

Atzo Servinik ez zuen Miranda de Ebroko epaitegiko baimena lortu, bere eskariari ez zioten erantzun, eta hala ere Mirandako ospitalera gerturatu zen gaixo ospitalean dagoen Felix Padin miliziano historikoari bisita laburra egitera.

Gasteizko Legebiltzarrean ere izan zen epailea, "bisita pribatuan".

CNTk Padinen deklarazio idatzia entregatuko dio Serviniri

Barne odoluste baten ondorioz ingresatu dute 97 urteko anarkosindikalista historikoa Mirandako Santiago Apostol ospitalean. CNTren arabera "bere osasun egoeragatik" deklarazioa hartu ez dion arren, Padinek Frankismo garaiko "bizipen batzuk" kontatu dizkio Serviniri. Padin "buru argi" mantentzen da.

"Hurrengo orduetan" CNT sindikatuko ordezkariek Felix Padinen deklarazio idatzia entregatuko diote epaile argentinarrari. Bertan Miranda de Ebroko konzentrazio esparruan eta hainbat lan batailoietan bizitakoak azaltzen ditu Padinek. Bilbotar milizianoaren kasuak "garrantzia berezia du" CNTren aburuz Padin baita "bizi den Frankismoko esklabu bakarrenetakoa".

Sekretismo handia

Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformako kide Juan Mari Zulaikaren arabera, "sekretismo handia" dago Serviniren bisita dela eta. Zulaikaren arabera "Estatuaren mehatxuengatik edota beldurragatik" izan daiteke.

Buenos Aireseko epailea 1936ko uztailaren 18tik 1977ko ekainaren 17ra arte Frankismoaren diktaduran izandako genozidio eta gizateriaren aurkako krimenak ikertzeaz arduratzen da.

Magistratuak 'Billy el Niño' Argentinara estraditatzea eskatu zuen, baita 'Muñecas kapitaina' ere, frankismoaren azken urteetan ustez egin zituzten torturengatik. Auzitegi Nazionaleko Bigarren eta Hirugarren sekzioek errefusatu egin zuten eskaera, gertaerak preskribatu egin direla uste izanda.