Terence Blanchardek itxiko du gaur ‘365 Jazz Bilbao’

uriola.eus 2014ko mai. 27a, 09:30

Terence Blanchard New Orleanseko tronpetaria Campos Eliseos antzokian arituko da gaur. Blanchardek itxiko du Bilbao 700 Fundazioak antolatutako ‘365 Jazz Bilbao’ zikloaren denboraldi honetako lehen zatia.

Zenbait Grammy sari, Golden Globe sari bat, Oscar sarietarako hautagaitza bat… Terence Blancharden ibilbidea sariz beteta dago Miles Daviesek berak esan zuen bere belaunaldiko tronpetaririk bikainena zela. Tronpeta-jotzaile hau Marsalis familiarekin lotuta dago, konposatzailea eta moldatzailea ere bada, eta neo bop estiloaren figura handienetako bat da. Bere teknika miragarriari esker tronpeta jotzen birtuosoa da. Ospea lortu zuen 1992an, Spike Leeren Malcolm X filmaren soinu-banda grabatu zuenean. Bere musika gaur egungo jazzaren eta musika afroamerikarraren arteko lotura da, Joshua Redman edo Roy Hargrovekin batera (azken hori ere aurtengo 365 Jazz Bilbao zikloan izan da).

2014ko edizioaren lehen zatia Terence Blancharden emanaldiarekin bukatuko da, gaur, maiatzak 27, Campos Elioseos antzokian, 20:00etan.

Informaziorako web gunea

365 Jazz Bilbao web gunearen bidez (www.365jazzbilbao.com) programako artista guztien musikan sar gaitezke (taldeak, datak, ordutegiak, lokalak, etab.). Bilbao 700 Fundazioaren web gune berrituak ere (www.bilbao700.com) zikloari buruzko informazio guztia dauka.

2014ko edizioa

Aurten ere, jazz musikak hiria hartuko du. 365 Jazz Bilbao zikloak kontzertuen bere aldizkako agendari ekingo dio egungo nazioarteko jazzeko artistak estatu mailan sendotutako musika‐taldeen arteko hautaketarekin konbinatuz. Programa era guztietako entzuleentzat da eta estilo desberdinak bildu nahi ditu: jazzeko sustrai sakonenetik hasi eta azken abangoardietaraino, beste zenbait generorekin egindako fusioak ahaztu gabe, besteak beste, musika klasikoa, rocka, blusa, hip hopa edo ‘munduko musikak’. Bilbao 700 Fundazioak antolatua, zikloak zazpi urteko ibilbidea dauka eta, denbora horretan, publikoaren fideltasuna eta hiriko kultura‐ eta aisialdi‐eskaintzaren baitan sendotzea lortu du.

Asko dira 365 Jazz Bilbao zikloaren bereizgarri diren egoitzak, artistak eta taldeak, erritmo eta estiloak. Bilbon jazz musikaren zaletu‐kopuru handia dagoela kontuan hartuta, ziklo hau hasiera‐hasieratik kalitaterik handiena bilatzen saiatu da. Baina, horrekin batera eta bere konpromiso dibulgatzailea bete nahian, Bilbao 700 Fundazioak jende berria erakarri nahi izan du askotariko programazioa eta kontzertu guztietan prezio merkeak eskainiz.