Abisua zabaltzeko mendi horiek erabiltzea ez zen halabeharrezkoa; izan ere, mendi horietako bakoitza Bizkaiko Jaurerriko eskualde batekoa izanik, adarren soinua lurralde osora zabaltzen zen.
Lehenik eta behin, Gorbeiatik zabaltzen zen deia eta segituan, hari erantzuten zioten beste mendi-gailurretatik. Jaurerriko biztanleak deia entzuten zutenean, bazekiten hurrengo ilargialdian Batzar Nagusia egitekoa zela. Deiak herritarren parte-hartzea zuen helburu; izan ere, garai hartan edozeinek berba egin zezakeen Batzarretan.
XVII. mendean deia adarraz joz zabaltzeko ohitura galtzen hasi zen. Horren ordez, Bizkaia osoan zehar eraiki ziren baselizetako kanpaien bidez zabaltzen zen Batzar Nagusietarako deia. Harrezkeroztik, kanpaiak joz deitzen zieten herritarrei.
Geroago, herritarrak ordezkatuko zituzten prokuradoreak hautatzen hasteak eta deia zabaltzeko testu-idatziak erabiltzeak ohituraren gainbehera ekarri zuten.
2004ko apirilaren 25ean, Batzar Nagusien berrezarpenaren 25. urteurrenaren ospakizunen haritik, bost deiadar-mendien gailurretan adarrak jotzeko ohitura berreskuratu zen.
Ondorengo urteetan, txandaka eutsi zaio ohiturari, hau da, urte urterik urte deiadar-mendi ezberdin batean ospatuz. 2014an Ganekogortan izango da.
Aurreko aldietan legez, aurten ere udaberri bete-betean izango da ekitaldia; ekainaren 15ean, domekarekin, zabalduko dugu Batzarretarako deia.
Dagoeneko nahiko errotuta dago ekitaldia mendizaleen eta euskal ohiturazaleen artean, baina aurten beste bultzada bat eman nahi diogu, euskal kulturari pisu handiagoa emanez.
Aurten Bilboko GAILURRA mendi-taldeak antolatu du mendi ibilaldia eta eguneko ekitaldiak gauzatzeko (bertsoak, musikariak, dantzak…) hainbat elkartek lagunduko diote: SALBATZAILE dantza-taldeak, ALBE bertso-eskolak eta PEÑASCAL Kooperatibak, besteak beste. Beste alde batetik, esan beharrik ez dago, Batzar Nagusien laguntzarik gabe ekitaldi hau egitea ez litzatekeela posible.
Ekainak 15 - Egitaraua
TOPALEKUA. Errekaldeko kiroldegian (El Fango, Errekalde-Larraskitu errepidea 53) elkartuko gara goizeko 8etan. Kiroldegiaren aurrean aparkalekua badago, baina ez da oso handia. Kiroldegitik errepide ondoko espaloiari jarraituz ekingo diogu igoerari.
Orduz ordu
8.00 HASIERA-EKITALDIA. Parte hartzaileak abiapuntura erakartzeko, TXALAPARTAri batzuk arituko dira. Jende multzo handia elkartzen denean, BERTSOLARIEK bertso bana abestuko dute ONGI ETORRIa emateko eta EGITARAUA azaltzeko.
8.20 IBILALDIARI EKIN. ALBOKARIEN atzetik abiatu egingo gara. Tartetxo batez ibili eta gero, albokariek, utzi egingo diote jotzeari. Antolatzaileak jende-multzoaren aurretik eta atzetik joango dira, baita haien artean ere. Peto berezigarria eramango dute. Bidegurutzeetan, behar izanez gero, markatu egingo dugu nondik joan.
12.00 BATZAR NAGUSIETARAKO DEIA EGUERDIKO 12etan ADARRAK JOKO DITUGU. Gero, LEKUKOA (adarra) emango diogu hurrengo urteko mendi-taldeari. BATZAR NAGUSIEtako PRESIDENTEAK BERBA EGINGO DU. BERTSOLARIEK beste bertso bana abestuko dute adierazteko atseden-ordua dela eta laster ALBOKARIEN soinuagaz batera beherako bideari ekingo diogula, Pagasarrin jan-edana dugu zain-eta.
13.00 PAGASARRIRA ITZULTZEAN TRIKITILARIEN soinuak erakarrita, jendea ekitaldiaren ingurura eramango dugu. Han JAN-EDANA banatuko dugu, baita OPARIAK ere.
13.30 DANTZALDIA egongo da, eta bukatzeko, BERTSOLARIEN AGURRAK.
Ibilbidea
ABIAPUNTUA (0-1 km.) Errekaldeko kiroldegitik (El Fango, Errekalde-Larraskitu errepidea 53) errepide ondoko espaloiari jarraituz ekingo diogu igoerari. ATXOKORREKO AISIALDIRAKO GUNETIK IGERTUKO APARKALEKURA (1-3 km.) Mendi-pistak Atxokorre aisialdirako gunean zehar gidatu gaitu. Hemen hasten dira lehen aldapa gogorrak. Hala ere, pista zabala eta oztoporik gabekoa izanik, ez dago arazorik aurrera egiteko.
IGERTUKO APARKALEKUTIK PAGASARRIRA (3-5 km.) Mendi-pistatik ekingo diogu igoerari. Lehen aldapa gogorrak gainditu ostean, pista utzi eta Bide Zaharretik joango gara. Seinaleak argi adierazten du bidea. Bidea estutzen da eta lurzorua gorabeheratsua da hemendik aurrera.
PAGASARRITIK GANEKOGORTARA (5-9 km.) Lehenik, Tarin iturrira jaitsiko gara atsedenaldi laburra egitera. Gero, lurrezko mendi-pista lau batetik zehar hurbilduko gara Ganekogortako maldetara. Argindar-dorre baten ondoan hasten da zatirik gogorrena. Handik aurrera belarretan markatutako bidexkari jarraituko diogu azken aldapak gainditzeko.
ITZULERAKO BIDEA (9-14 km.) Ganekogortako gailurretik Pagasarrira joan garen bide beretik itzul daiteke. Berdin egin daiteke abiapuntura ailegatzeko, baina hori bakoitzaren esku dago.
JAIGUNEA: PAGASARRIKO LANDAK. Pagasarriko aterpearen ondoko landetan kokatu da jaigunea. Ganekogortatik jaitsitakoan, bertan egingo da dantzaldia. Horretaz gain, hiru jaima egongo dira: lehenengoan, oparia emango zaio parte-hartzaile bakoitzari; bigarrenean, janaria izango da denen esku eta hirugarrenean, edariak. Jaigunean zehar trikitilariak ibiliko dira giroa alaitzen. Beste alde batetik, segurtasuna dela-eta, Pagasarriko aterpearen ondoan laguntza medikurako gune bat egongo da.
Azkenik, hondakinei dagokienez, hainbat ontzi jarriko ditugu Pagasarriko landan. Batetik, beirak botatzeko ontziak egongo dira eta ondotxoan izango dute bestelako hondakinak botatzekoa.