Elkartasuna jaso dute Erribera 13ko etxe kaleratzean identifikatutako lagunek

uriola.eus 2014ko mai. 20a, 09:44

Zortzi pertsonak deklaratu dute gaur goizean, Buenos Aires kaleko epaitegian, Erribera 13ko etxe okupatuaren desalojoaren harira. Kanpoan, goizeko 08:30ean, elkarretaratzea egon da auziperatuei babesa agertzeko.

Otsailaren 20an desalojatu zuten Erribera 13 etxe okupatua. Barruan zeuden hainbat pertsona teilatura igo ziren eta bertan identifikatu zituzten ertzainek. Aldi berean, Mesedeetako zubian babesa helarazten zeuden beste hainbat lagun ere identifikatuak izan ziren. Ertzaintzak goizeko 07:00etan ekin zion etxea husteari, hitzordua 09:00etan bazuten ere.

Otsailaren 20an identifikatutako gazteek, Bilboko epaitegian deklaratu dute gaur goizean. Erribera 13ko kide batek Bilboko Uriolari jakinarazi dionez, "kasua artxibatzea espero dute" izan ere, hainbat "irregulartasun" eman baitziren Erribera 13 hustu zutenean". Besteak beste, "kaleratzea bi orduz aurreratu zen inolako arrazoirik eman gabe; beraz, prozesuaren legezkotasuna zalantzan" jarri dute.

 

[2014/02/20] Ertzaintzak Erribera 13 etxe okupatua hustu du