Unai Bazterrikaren `Ezinbestean´ poema bilduma argitaratu du Kultura sailak

uriola.eus 2014ko mai. 20a, 09:00

Blas de Otero Poesia Lehiaketaren VI. edizioa irabazi zuen Unai Baztarrikaren `Ezinbestean´ poema bilduma argitaratu du Udaleko Kultura sailak.

Bilboko Udakeko Kultura eta Hezkuntza Sailak urterik urte antolatzen duen Blas de Otero Poesia Lehiaketaren VI. edizioaren euskarazko modalitatea irabazi zuen lana liburu formatuan argitaratu berri da. Ezinbestean izenburua daraman obra hau, Arrasateko kooperatiba batean ingeniari informatiko gisa lan egiten duen Unai Baztarrika poeta beasaindar gaztearen opera prima dugu.

Unai Baztarrika Otegik (Beasain, 1982), Miren Agur Meabe eta Castillo Suarez idazleek eta Jon Kortazar idazle eta literatur kritikariak osatutako epaimahaiak iazko abenduaren 9an plazaratutako epaiari esker irabazi zuen Blas de Otero Lehiaketa. Seigarren edizio horretan, euskarazko zazpi obra aurkeztu ziren guztira, hizkuntza honetan izandako ordurarteko partaidetza-marka guztiak hobetuz. Euskarazko nahiz gaztelaniazko modalitateetan 6.000 euroko sari bana ematen duen lehiaketa honek helburu bikoitza du hasiera-hasieratik: literatur sorkuntza sustatzea eta Bizkaiko hiriburuko bizilagunei Blas de Oteroren figura ezagutaraztea.

Baztarrikak Informatika Ingeniaritza ikasi zuen Mondragon Unibertsitatean, eta gaur egun, Arrasateko kooperatiba batean lan egiten du. Bere literaturzaletasunari eta lortutako sariei dagokienez, zenbait golardo lortu zituen batxilergo garaian (Azkue eta Urruzuno sariak), eta urtetan idazketatik urrun egon ondoren, UNEDen Bergarako Idazle Eskolari esker, betiko zaletasunarekin topo egin zuen berriro ere.

Bere obraren aurkezpenean, Baztarrikak erraietatik sortutako poemak aipatzen ditu, idazteaz, eta idatzi ezina eta sortu beharraren arteko kontraesanaz hitz egiten duten ideiak, luzaroan gordetakoak. “Barnean lehertu zaizkidan trumoiei emandako hitzezko erantzuna da, iraganaren ateak itxi eta garai berri baten aurrean ezinbestean idatzi ditudan poemak”.