Epaituak izango diren NO TAV mugimenduko kideen askatasuna galdegingo dute gaur

uriola.eus 2014ko mai. 20a, 13:30

noaltavahtgelditu.blogspot.com
AHT Gelditu! Elkarlana koordinakundeak eta Mugitu! mugimenduak elkarretaratzeak deitu dituzte, Italian epaituko dituzten Val de Susako No TAV Mugimenduko lau kideei babesa helarazteko. Protestak Bilbon, italiar kontsulatuaren aurrean eta Donostiako Boulebardean izango dira 19:30ean.

"Val de Susa NO TAV Elkartasuna! Kriminalizaziorik ez!" lelopean, elkarretaratzeak egingo dituzte gaur arratsaldean, Donostiako Boulebardeko kioskoan eta Bilboko Ercilla kaleko 14. zenbakian dagoen italiar kontsulatuaren aurrean. Era horretan gaur bertan epaituko dituzten No TAV mugimenduko kideei babesa adierazi nahi diete.

Chiara, Claudio, Mattia eta Niccolo Alessandria, Ferrara eta Erromako espetxeetan bananduta daude 2013ko abenduaren 9tik. Laurak "terroristatzat" salatu dituzte konpresore bati ustezko kalteak eragin dizkiotelakoan eta ondorioz, 30 urteko kartzela zigor eskaerari aurre egin behar diete.

Gauzak horrela, Euskal Herriko AHTren aurkako mugimenduek, AHTren proiektua salatu eta haien borroka berdinean lanean dauden adiskideen askatasuna galdegingo dute arratsaldeko 19:30ean.