Ostiralean amaitu zen FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XX. edizioak, orain arte ez bezalako arrakasta lortu du publikoari dagokionez, antolatzaileek bildutako datuen arabera. Lehiaketak 2013an baino %50 ikusle gehiago erakarri zituen, eta saio eta proiekzio desberdinen artean, guztira 7.429 pertsona bildu zituen.
Jaialdiaren 2013ko edizioan, 4.938 ikusle bertaratu ziren; ondorioz, aurten 2.491 zinezale gehiago bildu dira. Gogoan izan, iaz ere, %18ko igoera jazo zela ikusle-kopuruan 2012ko edizioarekin alderatuta. Honela, bi urtetan, %78 hazi da FANTek bildutako publikoa; lehiaketa Bilboko kultur programazioan nahiz kanpoko proiekzioari begira kontsolidatzearen mesedetan.
Arrakasta gehien lortu duten saioen artean –aforoa ia-ia beteta eta kasu askotan sarrerak agortuta zeudela–, honako film hauen proiekzioak nabarmendu behar dira: Coherence –jaialdiko Film Onenaren Sariaren irabazlea–, The Congress –Ti West-ek zuzendu eta Robin Wright eta Harvey Keitel protagonista dituena– eta Neuroworld –Borja Crespo bilbotarrarena–. Film laburrei eskainitako sail guztiek eta trailer faltsuen sail berriak ere audientzia-arrakasta nabarmena lortu dute. Bestalde, inaugurazio eta amaierako ekitaldiak eta haurrei zuzendutako FantEskola saioak izan dira jende gehien bildu duten saioak.
Edukiera handiagoko aretoak, proiekzio-kopurua handitu izana, sail ofizialean lehiatzen ziren filmen kopuru handiagoa eta gonbidatutako zuzendari eta antzezleen parte-hartzea dira Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren aurtengo edizioaren arrakastaren arrazoietako batzuk. Era berean, jaialdiaren antolatzaileek kanpoko publikoaren hazkundea ere nabarmendu dute, bereziki Madrildik eta Bartzelonatik etorritako zinezaleena, FANTek erakarrita etorri baitira Bilbora.