Bi deialdi egin ditu gaur goiz-eguerdian Leioako campuseko gehiengo sindikalak. Batetik, 12etatik 13etara lanuzteak deitu du eta, bestetik, Leioako campuseko Mikel Laboa plazan 12etatik 12:30etara egingo den elkarretaratzean parte hartzeko mezua zabaldu du.
Arratsaldean Leioan
Leioa herrian, Boulebardean, deitu dute gaur arratsaldean bigarren elkarretaratze bat "Lan istripu gehiagorik ez, prekaritatea hiltzailea!" lelopean, 20:00etan, Leioako Langabetuen Asanblada, Bilgune Feminista, LAB, ELA eta STEE-EILASek deituta.
Gehiengo sindikalaren komunikatu bateratua
UPV/EHUn lanean ari zen kontrata bateko langilearen heriotza salatu nahi dugu LAB, STEE-EILAS eta ELA sindikatuek. Istripu laborala Bibliotekako eraikinean izan da gaur goizean. Salaketa honekin unibertsitateko langileek bat egin dezaten gaur, maiatzak 21, 12etatik 13etara ordu bateko lanuztea eta Leioako kanpuseko Mikel Laboa plazan 12etatik 12:30etara egingo den kontzentrazioa deitu dugu sindikatuok.
Senitartekoei gure elkartasuna adierazteaz gain konponezinezko ondorio larriak dituzten egoera laboral hauek ere salatu nahi ditugu lanuzte eta kontzentrazio honen bidez. Istripuaren ikerketa sakona eta eskatu beharreko erantzukizunak exijitzen dizkiogu UPV/EHUri eta agintari laboralari. Horrelako istripu larriak berriro gerta ez daitezen hartu beharreko neurri eraginkorrak ere exijitzen dizkiogu UPV/EHUri.
LAB: “Lan baldintza txarrak erabakigarriak dira lan istripuak gertatzeko”
Teilatuan lanean ari zela hilik suertatu zen LAUMORA enpresako 45 urteko langilea da lanak eragindako 17. hidakoa Euskal Herrian 2014 urtearen hasieratik hona, LAB sindikatuaren arabera. Askotan salatu ditu LABek laneko eta kontratazioaren baldintza txarrak, prekarietatea, behin-behinekotasuna, azpikontratazioa etab, "langile klaseak jasaten dituen istripuen eragileak baitira". Atzokoa, baina "are larriagoa" da kontuan hartuz "erakunde publikoan gertatu dela; erakunde publikoak izan behar baitira aitzindari eta eredugarriak arlo honetan. Aldiz, irizpide eta neurri ekonomizistak ezartzen dira, kapitalismoaren helburu berberakin: ahalik eta gasturik txikiena eta denbora galerarik txikiena izatea, beti ere horren prezioa axola gabe".