"Urte asko" daramate gimnasio "txiki-txiki" bat konpartitzen kirol ekintzetarako Intxixu ikastolako eta San Inazio institutuko ikasleek. Bertan moldatzen ez direnean, auzoko kiroldegia erabiltzen dute. Baina horrela ibiltzeak "ez du asetzen" bi ikastetxeen egunerokoa Intxixuko Guraso Elkartearen esanetan. Horregatik atzo arratsaldean pankartak egin, ikastetxeetako hesian eskegi eta protestaldia burutu zuten gimnasio propio baten beharra aldarrikatzeko.
Zentroetako erabiltzaile eta arduradunen kezka eta haserrea handia da, are gehiago gimnasio berri baten eraikitze lanak gauzatzeko inbertsioa Hezkuntza sailak onartuta duenean. Eusko Jaurlaritzak "orain dela bi legegintzaldi" San Inazio DBHko zentroarekin hartutako konpromisoa ez du bete, "gimnasioa ez da egin eta horregatik ari gara matraka ematen", zioen ama batek.
Bizkaiko Hezkuntza ordezkaritzako arduradunekin batzartzeko eskari "asko" egin arren, ikastetxeetako guraso elkarteek ez dute orain artean erantzunik jaso. Pazientzia agorturik, gorago jo dute eta Hezkuntza sailburuordeari bilera hitzordua eskatu diote. Erantzunaren zain daude oraindik.
Aterpea
Euria ari duenean, "eta Bilbon euria sarri egiten du", Intxixu ikastolako eta San Inazio institutuko ikasleek ez dute espazio babestu aproposik. Bilboko Udalarengana zuzendu dira gurasoak, baina "Udalak dio ez dela bere ardura, mantenimendua baino ez dagokiola". Briñas eskolan, ordea, Udalak onartu du aterpe baten eraikuntzan parte-hartzea. "Udalak eta Hezkuntza sailak erdibana hartu dute erantzukizuna" eta horixe nahi dute San Inaziokoek ere: "Hori da duela urte asko eskatzen ari garena".