Haizeteak kalte txiki ugari eragin ditu Bilbon

uriola.eus 2014ko mai. 22a, 12:20
Atzo eta gaurko haize gogorrak ondorio nabarmenak izan ditu urian. Adar, hosto, hesi eta bestelakoak bota eta barreiatu ditu. Euskalmeten arabera arratsaldetik aurrera haizeak indarra galduko du.

Bilboko arbolek haize gogorren enbata jasan dute azken orduetan. Asko dira kale bazterretan haizearen ondorioz apurtu eta askatu diren zuhaitz adaska eta hostoak. Dantzan jarri ditu haizeak kaleko bestelako elementuak ere, parean babes gabe harrapatu dituen hesi, kartel, toldo eta abarrak. Garbitzaileek lana izango dute dena txukuntzen. Baita tabernari batzuk ere. Esaterako, Allende kaleko taberna bateko ardunadunei terrazako kristalak txikitu dizkio haizeak.

Haizea baretze-bidean

Gaur goizean hego-haizea zakar ibiliko da eta bolada oso gogorrak espero dira haizeguneetan, Bizkaian eta Araban batez ere. Arratsaldetik aurrera haizeak indarra galduko du eta iparraldetik sartuko da, Kantauri isurialdean bereziki.