"Etxe kaleratzeekin gehiago inplikatu behar dugu auzoetan"

uriola.eus 2014ko mai. 22a, 13:16

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak duela urte eta erdi ekin zion etxe kaleratzeen aurkako aholku zerbitzua emateari eta balantzea egiteko unea dela erabaki du. "Zerbitzu osatua" ematera heldu ez den arren, "beharrezkotzat" jotzen du bere lana "gizartearen erantzun zabalak berme gehiagorekin kaleratzeei aurre egiten ez dien bitartean".

150 kasu kudeatu ditu Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren etxe kaleratzeen aurkako aholku zerbitzuak urte eta erdian. Horien %30ak "konfidentzialtasuna" eskatu dutela eta, oinarrizko aholkuak eman ostean, ez da euren daturik bildu.

Ezagututako kasuetan inplikatutako banketxeak "denak" dira, auzo elkarteen arabera. 32 eta 75 urte bitarteko pertsonak dira aholkatutako pertsonak. "Gehienak seme-alabak euren ardurapean dauzkaten emakumeak. %15ak Europar Batasunetik kanpokoak dira eta gainontzeko %85ek Euskal Herrian dute jatorria".

Kaleratze arrazoiak 

Etxe kaleratzeak eragiten dituzten arrazoiak honakoak dira, ordenean: lanpostua galtzea, bikotearengandik bereiztea ondasunen banaketa egiteko akordiorik gabe edota zorrak pilatuta, senide zuzenen etxebizitza edota negozioen abal-emaile izatea, aurre egin ezineko hipoteka baldintzak kontratatzea, auzibideetan abala exekutatzea, lukur erakundeekin zorra birnegoziatzeko mekanismoak ez ezagutzea ‘zubi-prestamua’-ren bitartez.

Emaitza batzuk

Emaitza onak izan dute, esaterako, hileko kuota jaisteko banketxeekin izandako birnegoziazioek, "amortizazio epea luzatzearen truk". Horrelako kasuetan, "ez dugu onartu interes igoerarik". Zor handien kasuan, berriz, epe laburrean sarrerarik izateko aukera ez dutenentzat etxea zorraren ordainetan eman eta zorra kitatzeko proposamena egin die banketxeei elkarteak. Proposamen hori, baina, "ez dute onartu". Salaketen artean, subasten arauak daude, kaleratuak izan diren pertsonak "kaltetzen baititu". Orientazio lana ere burutu dute auzo elkarteetako kideek, batik bat, baliabide ekonomikoak eskuratzeko eta etxebizitza sozialak eskatzeko infomazioa eman dute.

Kaleratze gehienetan "euren borondatez" erabaki dute etxearen ematea eta hustea kaleratuek. "Nahiago izan dute salaketa eta kaleratze bortitzaren bidetik ez jotzea". Kasu guztietan, kaleratzeen "drama agerian geratu da", elkarteen esanetan.

Ondorio batzuk

"Zerbitzu osatua" ematera heldu iritsi ez direla aitortu dute Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko lagunek, batez ere, defentsa juridikoan. "Baliabide faltak" maila guztietara heltzeko bidea oztopatu die. "Gizartearen erantzun zabalak berme gehiagorekin kaleratzeei aurre egiten ez dien bitartean, gure zerbitzua
beharrezkoa izango da", diote. Kaleratzeetan auzo elkarteak "gehiago inplikatu" behar direla deritzote, "pertsona bati etxebizitza kentzea bazterkeriara kondenatzea da, babesgabetasunera". Hortaz, jarraitu beharreko bidea "aholkularitza eta elkartasun laguntzarena da".