Sindikatuek argudiatu dutenez, urteak daramatzate negoziazio kolektiborik gabe, eta denbora horretan, soldatetan eta langileen kontratazioetan murrizketak eman dira. Gauzak horrela, urtarrilean Aldundian hitzarmen berri baten negoziazioa hasi zutela jakinarazi dute.
Bideari ekiteko, sindikatuek plataforma bateratu bat aurkeztu zuten eta negoziazioan jorratu beharreko oinarrizko hainbat puntu zehaztu zituzten. Besteak beste, urteko lanaldi efektiboa murriztea, enplegua sortzeko neurri gisa; 2010az geroztik eman den eros ahalmenaren galera aitortu eta berreskuratzea; 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ematea; zerbitzu publikoak mantentzea; hauen kalitatea bermatzea; enplegu publikoaren murrizketa etetea; edota akordio-hitzarmena adostea, hau da, Aldundiaren aldetik konpromiso bat eskuratzea adostutakoa betetzeko.
Haien esanetan, Aldundiak hilabeteak "bazterrak nahasten" eman eta gero, ez zien erantzunik eman eskaerei eta Aste Santuarekin batera erabaki zuen "aldebakarreko erabakiz negoziazioa apurtzea; “Diputazioaz gaindiko arazo politikoak” argudiatuz.
Gaur berriro ere, mahai negoziatzailera deitu dituzte sindikatuak eta berriro, akordio hitzarmen baten negoziazioa baztertuta geratu da. Puntu hori lantzeari emandako ezezkoaren aurrean, lau sindikatuak mahaitik altxatu dira eta aurreikusitako mobilizazioarekin jarraitu dute.