ArteShop: "Establezimendu bat, artelan bat"

uriola.eus 2014ko mai. 23a, 10:00

Ekainaren 5etik 15era bitartean, Bilboko auzoetan banatutako 75 establezimendutan, Arte Ederren fakultateko ikasleen 75 artelan ikusgai egongo dira. Era berean, 10 artistek lan bateratuak esposatuko dituzte Erriberako Merkatuan zein Bilbao-Bizkaia Turismo Bulegoan.

Marta Ajuria Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak, Arantza Lauzirika UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoak eta Juan Zapater Bilbao Arte Fundazioko zuzendariak “ARTESHOP: establezimendu bat, artelan bat” lehiaketaren IV. edizioko irudia eta berrikuntzak aurkeztu zituzten atzo. Ekimen berritzaile honi esker Bilbon, artea eta merkataritza bateratzen direla azaldu zuten.

Diotenez, proiektuaren xedea hiriko merkataritza-jarduerari laguntzea da; balio erantsia emanez, Bilboko merkataritza-eskaintzari, eta aldi berean,  Bilbao Arte Fundazioko artisten eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen sormen-jarduerei.

ArteShop ekimenak laugarren edizioa betetzen du. Jatorria 2011n izan zuen, CIBek (Comercios Innovadores de Bilbao) bultzatutako ekimen aitzindarian. Zehazki, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek, ekainaren 5etik 15era bitartean, euren artelanak erakusteko aukera izango dute, berariaz ekimen horretarako egindakoak. Ohikoak ez diren lekuetan erakutsiko dituzte artelanak, hain zuzen ere Bilboko saltegietan; horri esker, jende askok izango du artelan horiek ikusteko aukera.

Era berean, parte hartuko duten establezimenduak erakargarriagoak izatea bilatzen dute, lokalean saltegi horren historiarekin eta giroarekin bat etorriko den artelana hartuko dutelarik.

ArteShopen laugarren edizio honetan, hirurogeita hamabost ikaslek eta beste horrenbeste saltegik parte hartuko dute. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek, euren lanak egiterakoan, Bilbao Arte Fundazioko hamar artistaren laguntza izango dute. Artista horiek komisariotza-lana egingo dute. Horrez gain, horietako zazpik Erriberako Merkatuan  erakusketa bateratua egingo dute eta beste hiruk Bilboko Turismo Bulego berrian. Gainera, edizio honetan, Bilbao Arte Fundazioko hiru artistak egin diren proiektuak ebaluatuko dituzte eta hamar finalisten hautaketa egingo dute.

Epaimahaia, sariak eta berrikuntzak

Epaimahaikide izango dira Alicia Fernandez, Rekalde Aretoko zuzendaria, Marta Arzak, Guggenheim Museoko Hezkuntza eta Interpretazioko zuzendariordea, Naia del Castillo, artista eta Juan Carlos Erkoreka, Bilbao Dendakeko lehendakaria. Beraiek erabakiko dituzte Arteshopeko hiru sarien irabazleak; lehenak 1.200 euro jasoko ditu, bigarrenak 900 euro eta hirugarrenak 600.

ArteShopen historian lehenengoz emango zaio “Jendearen sari berezia” arteshopbilbao.com webgunean boto gehien jasotzen dituen lanari. Proiektu irabazleak 600 euro jasoko ditu. Bozketan parte hartzen dutenen artean 100 euroko hamar txartel izendun zozketatuko dira, programan parte hartu duten 75 establezimenduetan gastatzeko ekainaren 17tik uztailaren 16ra bitartean.

Facebook-eko argazki-lehiaketa da beste berrikuntzetako bat. Partaideek argazki bat bidali ahalko dute, Arteshopeko artelanetakoren baten ondoan. “Atsegin dut” gehien jasotzen duten 10 argazkiek sarrera bat irabaziko dute, Guggenheim Bilbao Museoan Georges Braqueren erakusketako bisita gidatura joateko.

Sariak ekainaren 13an entregatuko dira, arratsaldeko zortzietan, Bilboko Zabalguneko Merkatuan egingo den galan. Bertan parte hartuko dute: ikasleek, artistek eta merkatariek, baita ordezkari instituzional eta sozialek ere.