Elikaduraren arazoaz jabetzen lagunduko duen erakusketa jarriko dute Metroan

uriola.eus 2014ko mai. 23a, 08:00

Udalak 2012an eta 2013an finantzatu dituen eta elikadurarako eskubidearekin zerikusia duten lankidetzako proiektuak ikusgai egongo dira irailaren 15era bitartean Metroko Zazpi Kaleetako, Santutxuko, Abandoko eta Moyuako geltokietan, neurri handiko paneletan.

Metroko Zazpi Kaleetako Unamuno plazako irteerako, Santutxuko irteera bietako, Abandoko Kale Nagusiko irteerako eta Moyuako irteera bietako geltokietan Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren gaietarako Sailak sustatutako erakusketa jarriko da, elikadura eskubidearen aldeko kanpainaren barruan eta Familiako Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea dela eta.

Geltoki horietan neurri handiko panelak jarriko dira (2,30 metro zabal eta 1,30 metro luze), Bilbon egoitza duten GGKEak bultzatu eta 2012an eta 2013an Bilboko Udalaren finantzazioa izan zuten lankidetzako proiektuetako argazkitzarrak erakutsiko dira. Proiektu horiek elikadurarako eskubideari lotutako gaiei buruzkoak izan dira.

Erakusketako panel bakoitzean irudi bana dago jarrita: Bilboko udalak finantzatutako proiektua, argazkiaren izena, proiektuaren deskribapen laburra eta proiektuori gauzatu duen GGKEaren eta beste aldearen izenak.

Erakusketa honetako garapenerako lankidetzaren arloko proiektuek herritarrak elikaduraren arazoaz jabetzen lagunduko dute eta gosearen, desnutrizioaren eta pobreziaren aurkako borroka elkartasunaren bidez indartzen. Hauek dira proiektuak:

  • Emakumeen lorategia:

Osalde GGKEren asmoa da Maliko Djedougou komunitateko emakumeen antolaketa indartzea eta, aldi berean, ekoizpenerako euren gaitasuna indartzea, prestakuntzaren bidez eta laborantza hobetuz; horretarako, ortu komunitario bi egin dituzte.

  • Etorkizun berriko emakume artisauak

Solidaridad Internacional erakundeak Chinandegako (Nikaragua) “El progreso de la mujer rural” kooperatibako emakumeei laguntza ematen die. Emakume horiek pinu-orriarekin artisau-lanak egin eta merkaturatzen dituzte eta horri esker, diru-sarrera berriak eta hobeak dituzte eta gainera, bide batez, bizimodu independentea eta bidezkoa egiteko aukera dute.

  • Luzokerrak biltzen

FISC Lankidetza eta Garapena erakundeak bultzatu du Kongoko Errepublika Demokratikoko Kimbondoko emakume nekazariei laguntzeko proiektu hau.

  • Miresmena

Manos Unidas erakundeak Sololáko  (Guatemala) Nahualáko  maya kiché emakume indigenei prestakuntza emateko  proiektuan laguntzen du, betiere elikaduraren arloan burujabeak izan daitezen, lidertza izan dezaten eta politikan parte-hartze handiagoa izan dezaten.


  • Emakumeak herri-ortuan ereiten

FISC Lankidetza eta Garapenerako erakundeak ekoizpen-teknikak hobetzen laguntzen die Kongoko Errepublika Demokratikoko Ngandanjikako emakumeen nekazaritza-elkarteei.

  • Zizka-mizken lantegia

Adsis fundazioak Cotopaxiko Mulalillo parrokiako Nueva Esperanza Elkarteak zizka-mizkak paketeetan sartzeko lantegiaren proiektua bultzatzen du.

  • Ereiteko oinarrizko garauen emakume onuraduna

Procladek oinarrizko garauak ekoizteko eta saltzeko ekimen bi abian jartzen lagundu du, Honduraseko Cortes departamenduko San Manuel herriko Coowle eta La Democracia komunitateetan.

  • Maria Mazarello emakumeen sustapen-zentroko ikaslea

2012–2013 urteetan emakumeen sustapen-zentroa jarri zen abian. Beste gauza batzuen artean, elikagaiak manipulatzen, kontserbatzen eta jakiak prestatzen irakasten zaie, negozio txiki bat ipini ahal izan dezaten. Zentro horretan Gabon Hegoaldeko Gumbo herriko etxeetan dauden suteak bezalakoak erabiltzen dira. Jóvenes y Desarrollo fundazioak lagundutako proeiktua da.

  • Familiak akuriak hazten eta genero-berdintasunean hezten gaitzea

Bilboko Elizbarrutiko Caritas erakundeak Peruko Ancash departamenduko Ocro probintzian bultzatzen duen proiektua da; bertan, akurien hazkuntzan ekoizkortasuna hobetzen lagunduko diete, prestakuntza emanda osasunaren, elikaduraren eta ugalketaren arloko gaietan.