Prestakuntza saio batekin lanean hasiko da zurrumurruen aurkako estrategia

uriola.eus 2014ko mai. 27a, 12:15

Atzerritarrei buruzko uste faltsu eta zurrumurruen aurkako estrategia jarduerak jarriko ditu abian Udalak. Lehenego jarduera maiatzaren 29an izango da, hiriko zortzi Gaztegunetako hezitzaile eta animatzaileei zuzendua.

Bilboko Udalak sentsibilizazio-jarduerak egiteko asmoa dauka, gure artean dauden atzerritarrei buruzko uste faltsuei, estereotipoei eta zurrumurruei aurre egiteko; aniztasunean eta gizarte kohesioan bizitzeari kalte egiten dietelako.

Horiek horrela, maiatzaren 29an, osteguna, eta Europako Kontseiluak eta Europako Batzordeak sustatutako “Comunication for integration- C4I” Europako proiektuaren barruan, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak gazte bilbotarrentzako sentsibilizazio-programaren lehenengo fasea jarriko du abian. Prestakuntzako saioa izango da, Deustuko, Uribarriko, Otxarkoagako, Begoñako, Iralako, Zorrotzako, Errekaldeko eta Zazpi Kaleetako gazteguneetako profesionalek (bakoitzetik bi) hainbat eduki azter ditzaten, esaterako, zurrumurruak zer diren eta zelan funtzionatzen duten, zurrumurruen aurkako estrategia globalen eta tokikoen komunikazioa eta zurrumurruei aurre egiteko modua.

Prestakuntza-saioa Ikuspegi Immigrazioko Euskal Behatokiko profesionalek eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko soziologiako lizentziatu, partaidetza sozialeko aditu eta Zurrumurruen aurkako Bartzelonako Sareko kide den Rakel Morenok emango dute. 2007tik aurrera, Rakel zenbait udalerritan ari da lanean, zurrumurruen aurkako ekintzak eta estrategiak gauzatuz, teknikarientzako eta zurrumurruen aurkako agenteentzako prestakuntza emanez, eta sentsibilizazioaren arloko materiala, tailerrak eta solasaldiak eginez.

Saio horren ondoren, sentsibilizazio-tailerrak egingo dira Gazteguneetako erabiltzaileekin, immigrazioari buruzko estereotipoei eta uste faltsuei aurre egiteko. Gazteentzat erakargarriak diren materialak erabiliko dira, komikiak eta bideoak, esaterako. Dinamiken, jolasen eta tailerren bidez, gazteek euren iritzia adierazi ahal izango dute eta Bilboko immigrazioari buruzko informazio objektiboa eta benetakoa izan.

Aniztasuna gestionatzeko Udalaren estrategia Jarduera honek Bartzelonan egin zen proiektu aitzindaria izan du abiaburu. Era berean, aniztasunaren gestiorako udal estrategiaren eta Bilbao Gazte 2020 proiektuaren barruan dago eta helburutzat du Bilboko Udala osatzen duten sailetan gazteen ikuspegia zeharkakoa izatea. Horiek horrela, Euskara, Gazteria eta Kirolak Sailak eta Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak aniztasunean elkarbizitzaren alde egiten duen proiektua garatu dute, herritar gazteak Uriaren aurrerabidearekin konpromisoa izan dezaten bultzatzeko.