Euskaraz "ez dago horrelako tresnarik", argi adierazi du gaurko aurkezpenean Rober Gutierrez Bai Euskarari ziurtagiriaren elkarteko zuzendariak. Lan-atariak badira, Infojobs eta Infoempleo esaterako, baina euskarazkorik ez. "Oso gustura" agertu da Gutierrez proba-fasean lortutako emaitzekin. "250 erabiltzaile baino gehiago daude alta emanda, hautagai bezala, eta askoz gehiago izatea espero dugu", gaineratu du.
Euskara eta enpresa bikoaren uztarketa "posible da", baita "euskara, berrikuntza eta lehiakortasuna bezalako kontzeptuekin lotzea ere". Horregatik Bai Euskarari ziurtagiriaren elkartea sinistuta dago Lansarean.org atariak balio erantsi "handiko" zerbitzua eskainiko duela aurrerantzean.
Elkarreragina sortu nahian
Lana eskaintzen dutenak eta lan bila daudenak harremanetan jarriko ditu Lansarean.org atariak, euskaraz betiere. "Elkarreragina" sortzea nahi du atariaren sortzaile den Bai Euskarari ziurtagiriaren elkarteak: "Ez da tabloide huts bat". Horretarako baina, herritarrei eta enpresei ataria erabiltzeko deia egin diete. Denei zabaldu diete deia: "Lan munduaren egoera irauli eta eraldatuko badugu, denok jarri behar dugu gure hondar-alea. Guk, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartean, alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko urrats biziak egiteko konpromisoa berretsi nahi dugu. Enpresarean proiektuaren bitartez, enpresek negozio-aukerak handitzeko eta proiektu eta zerbitzu berriak sortzeko xedearekin lan egingo dugu, euskaratik eta euskaraz".
Alde dituzte bai euskararen egoera bai egoera sozioekonomikoa. Rober Gutierrezen arabera, "geroz eta gehiago dira euskaraz hitz egiteko gai diren langileak zein euren enpresetan euskara txertatzen duten enpresak". Eta zeresanik ez, geroz eta gehiago dira lan bila dauden euskal herritarrak.
Erraz eta azkar erabiltzeko
Egun tresna baliagarria izateko baldintzak betetzen ditu Lansarean.org atariak. Hainbat gailura "egokitzen da" -tablet, sakeleko, ordenagailu finko zein eramangarrietara- eta "erabilerraza eta azkarra da". Jabi Asumendi Bitarlan enpresako informatikari eta Bai Euskarari elkarteko zuzendaritzako kideak honako gomendioa luzatu du gaurko agerraldian: "Lan eskaintzak epostaz jasotzeko aukera dago beraz, erabiltzaile baldintzak onartzen dituztenek, eguneko lan eskaintzak jasoko dituzte eposta bidez".
Euskal Herri osoko langileek eta enpresek dute topagune Lansarean.org atarian. Bertan aurki daitezkeen lan eskaintzak Lansarean.org atarian jasotakoak zein IVAP, Iragarki laburrak, Beharsarea eta bestelako plataformetan argitaratuak dira.