Zein egunetan hasiko da 2015eko Aste Nagusia?

uriola.eus 2014ko mai. 28a, 16:47

Aurtengo Aste Nagusiak badu data zehatza, baina ez 2015ekoak. Bilboko Udalari zalantza sortu zaio: jaien hasiera atzeratu ala, usadioa errespetatu, eta abuztuaren 15ean ekin Aste Nagusiari?

2015eko abuztuaren 15. eguna larunbata izango da eta, ohitura zaharrari eutsiz gero, egun horretan bertan emango zaie hasiera uriko jaiei. Hau da, Andra Mari egunetik hurbilen dagoen larunbata, abuztuaren 15a bera da. Hortaz, datorren urteko Aste Nagusia abuztuaren erdialdean ospatuko litzateke. Ziklikoki gertatu ohi den moduan.

Azken hitza Udaleko ordezkariena da, Ibon Areso alkatearen gobernu taldearena. Aresok legez alda dezake Aste Nagusiaren data. 2015eko egutegia zehazten ari den Eusko Jaurlaritza jarri da jada harremanetan Bilboko Udalarekin, "jaiegunagatik galdegin dio" eta era berean Areso alkateak konpartsei ere galdegin die.

Aldaketak

Udalak aurretiaz ere aldatu izan ditu datak. 2004an, esaterako, abuztuaren 14an ezarri zuen Aste Nagusiaren hasiera. Konpartsek, erabaki horrekin ados ez, eta abuztuaren 22an, ‘txupinazo alternatiboa’ antolatu zuten. Arriaga plazan ezarritako garabi batean igota, urte hartako pregoilari Juio Ibarra kazetariak bigarrenez irakurri zuen pregoia jaiei ‘zegokion egunean’ hasiera emanez.

Abenduak 21, San Tomas eguna. Azoka eguna Bilbon. 2008an BBK-k eta Udalak aurreko egunera aurreratu zuten San Tomas ospakizuna, igandetik larunbatera pasatu zuten, "jende pilaketak" ekiditeko. Orduan BBK-k emandako azalpenaren arabera "ez da data aldatu den lehen aldia, igandetan jausi den aldiro aldatu dugu".