Bilboko Liburu Azokaren aurtengo edizioak, 44.ak, 55 erakusketari hartuko ditu Bilboko Areatzan, baita idazleen aurkezpenak, hitzaldiak, sinadurak, tailerrak, literatura sarien emanaldiak eta ‘Idatzietatik Kantuetara’ erakusketa ere. Hamaika egunetan hainbat ekintza ospatuko dira Azokan, besteak beste, Zilarrezko Luma Saria emango zaio Dolores Redondo idazleari Zaindari ikusezina bere eleberria izan baitzen iazko azokako liburu arrakastatsuena.
Bilboko Liburu Azokak honako ordutegia izango du: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
`Liburuak eta kafea´
Batzuk badiote liburu batentzako kafe on bat baino konpainia hoberik ez dagoela, eta 1995. urtean sortutako ildoari jarraituz, aurten ere, kafe bat hartzera gonbidatuko dute azokan liburua erosten duena. Ekimenera atxikitutako tabernen artean daude: Maria Muñoz kaleko Aitxiar, Plaza Barriko Argoitia eta Cafe Bar Bilbao, Posta kaleko Lago, Areatzako El Mercante eta Iturribideko Portu Berri Berria. ‘Liburu eta Kafea’ ekimenean parte hartzeko fitxa bat bete behar da, erositako liburuaren izenburua eta beste datu batzuk emanda, eta atxikitako tabernetan kafea eskatu baino lehen fitxa soilik aurkeztuta nahikoa da.