Mazarredoko aterpetxeak artatutako pertsona kopuruak behera egin du

uriola.eus 2014ko mai. 28a, 15:00

Bilboko neguko aterpetxeak jende gutxiago artatu behar izan du zabalik egondako 152 gauetan. 2013ko azaroaren 20tik 2014ko apirilaren 22ra bitartean, Mazarredoko aterpetxeak 350 lagun -30 emakumezko eta 320 gizonezko- babestu zituen, iaz baino 124 gutxiago. Hotz boladarik ez egotearen ondorioa izan da beherakada.

Denbora tarte horretan, Mazarredoko aterpetxeak 50 leku prest izan ditu, hiru gelatan banatuta. Gainera, gizarte arloko esku-hartzearen profesionalekin harremanetan jartzeko aukera zuten bertaratzen ziren lagunek, dauden baliabideei buruzko informazio eta aholkularitzaren bidez, gizarteratzeko prozesuak sustatzeko.

Artatutako pertsonen soslaiari dagokionez, bi talde bereiz daitezke:

Batik bat, estatuko herritarrak direnak, gizonezkoak (%91,42) eta 40 eta 55 urte bitartekoak; urteko egoera ahulean egoten dira eta ez dute beste aterpe batzuetara joateko aukerarik. Haietariko gehienak osasun-egoera organiko edota psikiko larrian zein oso larrian daude eta alkoholaren nahiz beste sustantzia batzuen kontsumoaren mendekoak dira. Neguko aterpeak haien egoera egonkortzeko, tratamenduak hasteko edo aurrekoei berriro ekiteko eta ostatu egonkorragoetan izena emateko balio die.

Estatutik kanpo jatorria dutenak -batez ere 18 eta 42 urte bitarteko gizonezkoak-, Bilbon 3 hilabete eta zenbait urte bitarteko epe batez bizi izan direnak. Kolektibo horren barruan, Laguntza Gabeko Atzerritar Gaztez osatutako talde handi bat dago, adingabekoentzako Bizkaiko zentroetatik irten berriak direnak. Aurreko denboraldian hasitako joerari eutsiz, jende-multzo honen barruan osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen kopurua handitu da, batez ere, gazteenen artean.

Aurreko urteetako joerari jarraituta, atenditutako pertsonen erdia baino gehiago (%63,43 eta 2012an %61,2) 18 eta 39 urte bitartekoak dira. Jatorriari dagokionez, artatutakoen %66ak Estatutik kanpoko jatorria zuten, aurreko urteetan baino apur bat gutxiago -iaz %69,6-. Hala ere, azken ehuneko horren barruan Magrebetik datozenak nabarmendu behar ditugu, izan ere, Estatutik kanpokoen okupazioen %40a osatzen dute (iaz baino %15 gehiago).

Osasun-egoera eta etxerik gabe bizitzea

Neguko Aterpetxeko nahiz GLUZ/SMUSeko (Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua) artatzeko ekipoen iritziz, osasun mental larria edo diagnostikatu zein tratamendu jarraigabea dutenen atenditutakoen kopurua hazten doa, etxerik gabekoen artean ez ezik, Lagundu gabeko Gazte Atzerritarren artean ere bai. Hezkuntza-taldekoen datuek erakusten dutenez, artatutakoen herenak, gutxienez, osasun-arazo kronikoa zuten eta, bostenak, gutxienez, arazo larriren bat. Gainera, legerian izandako aldaketekin, artatutakoetariko askok ez zeukaten Osasun Txartel Indibiduala eta, beraz, ezin zuten gaixotasun kronikoetarako edo mediku espezializatuen tratamendurik jaso.

Etxerik gabeko egoerari dagokionez, Mazarredoko aterpetxetik igaro diren inkestatuen erdiak baino gehiagok urte bat baino gehiago eman dute kalean (%51). Horien artean, %24a kalean 5 eta 10 urte bitartean, %12a 10 eta 20 urte bitartean eta %7a 20 urte baino gehiago.

Halaber, %58,78ak bezperako gaua kalean lo egin duela aitortu du, %34,35i zentro edo etxe partikular batean abegi eman diote eta %6,87a baino ez dira egon aterpe autonomo batean.

Neguko aterpetxeko erabiltzaileen artean kalean egoteko arrazoiei dagokienez, erdia baino gehiago -%58- arazo ekonomikoak edo lanekoak izandakoak dira, %20ri familia edo harreman afektiboak hautsi zaizkie eta %15ek alkoholaren edo beste substantzia batzuen kontsumoari lotzen diote.