Zachary Barr, Josh Lowell, Peter Mortimer eta Nicholas Rosenek 2013an zuzendutako High Tension filmak (AEB) ikus-entzuleen saria eskuratu zuen Bilbao Mendi Film Festival nazioarteko mendiko zinema jaialdiaren azken edizioan, eta bidea urratzen jarraitzen du han eta hemen. Berriki, Charlie Fowler saria irabazi du Mountain Film in Telluride nazioarteko jaialdian. Kolorado estatuan, izen bereko herrian egiten da urtero jaialdi hori. 2006an Txinan, espedizio batean hil zen alpinista estatubatuar entzutetsuak ematen dio izena sariari.
Tellurideko jaialdia 1979. urtean egin zen lehen aldiz, eta aurten maiatzaren 23tik 26ra izan da. Bilbao Mendi Film Festival jaialdiko ikus-entzulek interesez hartu eta txalotu zuten High Tension lana, eta halaxe egin du AEBetako jaialdiko epaimahaiak ere. Pelikulak Ueli Steck, Simone Moro eta Jonathan Griffith alpinista entzutetsuek Everesteko 2. kanpalekuan jasandako erasoaren berri ematen du. Erabat sumindutako sherpa talde batek harrika eta kolpeka egin zien eraso hiru mendizaleei, eta gertaerak eztabaida eta zalaparta handia sortu zuen mundu osoan eta batez ere mendi giroan.