Disziplina anitzeko lau proiektu saritu dituzte `Artistak Egoitzan´ programaren baitan

uriola.eus 2014ko mai. 30a, 08:35

Hautatutako lau proiektuak beharrezko instalazioez, bitarteko eszenikoez eta laguntza artistikoaz baliatu ahal izango dira prestakuntza lanak osatu eta BAD Jaialdiaren hurrengo edizioan aurkeztu ahal izateko.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Bilbaoeszena Baliabide Eszenikoen Zentroaren bitartez sustatzen duen `Artistak Egoitzan´ programaren VI. edizioak irabazleak ditu dagoeneko 2014ko deialdiari dagokionez. Lau proiektu garaileek arte eszenikoen arloko diziplina-aniztasuna eta berrikuntza dituzte ezaugarri.

`Artistak Egoitzan´, Bilbon sorkuntza artistikoa sustatu eta esparru honetako sorkuntza edo ikerketa proiektuak garatu nahian dabiltzan artista edo konpainiei laguntzea xede duen ekimena da. Horretarako, proiektuak aurrera ateratzeko behar diren baliabide ekonomikoak, instalazioak, bitarteko teknikoak eta laguntza artistikoa eskaintzen dira.

Programaren aurtengo edizioan aurkeztutako 41 proiektuak arte eszeniko garaikideen diziplina guztietakoak dira: zirku berria, performancea, antzerkia, dantza eta hizkuntza eszeniko berriak, diziplina anitzeko proposamenak barne. Horien artean aukeratutako lau proiektuek 3.000 euro jasoko dituzte. Egoitzak 2014ko ekainetik urrira bitartean egingo dira, hiriko esparru eszeniko desberdinetan.

Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak, Kultura zuzendariak, Kultur Programazioko zuzendariordeak, Bilboko Kalealdia Jaialdiko zuzendariak eta Bilbaoeszenako zuzendariak osatutako Balorazio Batzordeak honako proposamen hauek aukeratu ditu:

- `Can´t´, Igor Urzelai koregrafo gipuzkoarraren proposamena. Londresen finkatu zen 2006an, eta gaur egun, “Work Place” delakoari atxikitako artista gisa lan egiten du Londresko The Place Dantza Garaikideko Zentroan. “Can´t”, 2007az geroztik, berarekin batera lan egiten duen Moreno Solinas koreografo italiarraren laguntzaz landutako proposamena da, identitate kolektiboen eta rol-ereduen aldean banakoaren identitatea zalantzan jartzen duena.

- `Magia Simpatica´, Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra koreografoek osatutako Horman Poster kolektibo bilbotarrarena. Lan honetarako, Mbane Sene artista senegaldarraren laguntza izan du. Diziplina anitzeko (dantza, antzerkia eta performancea) proposamen honek kultura eta kontinente desberdinen arteko (Europa eta Afrika) topaketa aztertzen du. “Magia Simpática” historiako hiru arketiporen arteko elkarketa da: bilakaeran dagoen tximino bat, Pierrot erromantiko bat eta xaman afrikar bat.

- `Izotza on Fire!!´. Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe artistek osatutako Sra. Polaroiska kolektiboak landu du narrazio-erronka hau, idazketa musikalizatuaren bidezko eskuhartze eszenikoa planteatuz. Proposamen honek musikalaren mugak eta mugapenak jorratzen ditu performancearen ikuspuntutik, hitza abiapuntutzat hartuz.

- `Echale la culpa III´, Bilbon finkatutako Maia Villot De Diego artistaren performancea. Artista honek, Isaak Erdoizarekin batera, “La Cosa en Casa” delako topaketa antolatzen du Bilbon, diziplina ugaritako artistei lanak etxe barruko giroetan aurkeztera gonbit eginez. ”Échale la culpa”, Femme Fatale estereotipoari lotutako hondamendi ideia ardatz duen performance-seriea da. Atal bakoitza kantu baten inguruan antolatuta dago, eta era autonomoan funtzionatzen du. Proiektu hau seriearen hirugarren atala da.

Proiektu irabazleak aukeratzerakoan, Balorazio Batzordeak Pablo Fidalgoren aholkularitza izan du. Fidalgo antzerki garaikidearen azken urteotako errebelaziotzat jotzen den La Tristura taldeko kidea izan da hamar urtez.

Proposamen irabazleak jendaurrean aurkeztuko dira BAD jaialdiaren hurrengo edizioan, urriaren 22tik azaroaren 2ra bitartean. Horietako bat, Horman Poster kolektiboarena, erabateko estreinaldia Jaialdiaren barruan, euskaraz aurkeztuko da.