Bilbao BBK Live Jaialdiaren bederatzigarren edizioa egitasmoaren historiako edizio jendetsuena izan daiteekela iragarri du Bilboko Udalak. Jaialdia ospatzeko hilabete falta da eta bonuak aldez aurretik oso azkar ari dira saltzen, eta horregatik, antolakuntzak bonuen salmenta ekainaren 17ra arte mugatzea erabaki du. Bonuak amaitzen direnean, eguneko sarrerak baino ezingo dira erosi.
Aurtengo edizioan hamaika talde gehiago izango direla berretsi dute gaur, tartean nabarmendu beharreko Hercules & Love Affair, The Last Internationale eta The Rebels taldeak, baita DJ eskaintza zabala ere. Hercules & Love Affair New Yorkeko Andy Butler DJaren proiektu berria da, dagoeneko estudioko hiru disko ditu taldeak. Azkena, The Feast Of The Broken Heart joan den astean argitaratu zuten. The Last Internationale taldea ere New Yorketik dator; rock hirukote honek folk, blues, punk eta R&B ukituak eta borroka kutsua duten letrak ditu. Rock melodikoa eta estribillo erakargarriak egiten dituen talde madrildarra da The Rebels; horri esker, Bon Jovi abeslariaren artista gonbidatua izan da Bartzelona, Donostia eta Madrilen. Irailean taldearen bigarren diskoa aurkeztuko dute, eta Bilbao BBK Live jaialdian kantu berrien aurrerapena eskainiko dute. Bestetik, DJ eskaintza zabala izango dela aurreratu dute, WLDV, Croissants DJs, Sine3 eta This Not Way DJs, besteak beste.
Gaztea maketa taldea
Smoke Idols taldea Gaztearen maketa lehiaketako azken edizioko talde irabazle gisa arituko da Kobetamendin. Bilbon duela lau urte sortutako taldeak lehen diskoa du kalean, Pink Floyd edota Oasis taldeen eragina duena.