Zinebiklubek 23 film proiektatuko ditu ekainean Zorrotza eta Otxarkoagako Udaltegietan

uriola.eus 2014ko eka. 4a, 09:00

Zinebi, Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren aurtengo edizioko Nazioarteko Lehiaketara aurkeztutako film laburrak dira guztiak eta ekainaren 5etik 26ra bitartean Zorrotza eta Otxarkoagako udategietan ikusgai izango ditugu.

Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko (ZINEBI) film aukeratuak aurkezten dituen Zinebiklub zikloak Zorrotzako eta Otxarkoagako udaltegietako ekaineko programazioa ezagutarazi berri du. Aurten 14. edizioa egingo duen Zinebiren eta Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimen honek 16 nazionalitatetako 23 film aurkeztuko ditu guztira; hilaren 5etik 26ra bitartean, horien artean Bilboko lehiaketan saritutako bost film.

Euskal Herrian egindako hiru titulurekin batera, programazioak lau kontinentetatik ekarritako film-aukeraketa anitza eta zabala ikusteko aukera eskainiko du. Saio guzti-guztiak Zorrotzako Udaltegian (Hermogenes Rojo 1, 48013 Bilbo, 19:30etan) eta Otxarkoagako Udaltegian (Pau Casals Etorbidea 19, 48004 Bilbo, 17:00etan) egingo dira. Saioak bi Udaltegietan errepikatuko dira, egun eta ordutegi desberdinetan, 75 eta 85 minutu tarteko iraupenaz, eta horietako bakoitzean, bost-zazpi film eskainiko dira.
 
Tituluak, iazko azaroaren 15etik 22ra bitartean Bilbon antolatu zen Zinebiren 55. edizioan aurkeztutako film onenen artean aukeratu dira. Zinebikluben edizio honetan, hiru euskal film programatu dituzte: Alberto Vazquez-ek zuzendutako `Sangre de unicornio´ animazioa, Asier Altunaren `Zela Trovke´ delakoa, eta `Hotzanak, for your own safety´, Izibene Oñederrarena. Lehenengoak –Euskal Zinemaren Sari Nagusia ex aequo eta SGAEk eta Euskal Herriko Gidoilarien Elkarteak emandako Euskal Gidoi Onenaren Saria jaso ditu– adarbakarren bila doazen bi hartz txikiren ehizaldia deskribatzen du; bigarrenak Holandako Amsterdam eta Utrecht hirietan filmatu eta Maite Larburu biolin-jotzaile eta kantari hernaniarra eta Holland Baroque Society-ko bere kideak ditu protagonista, krimen bat gogorarazten duen antzinako kantu eslovakiarra abesten duten bitartean. `Hotzanak…´, aldiz, aireportu batean girotutako animazioa da.

Egitarau osoa

Programatutako tituluen artean, Poloniako `Gwizdek´ filma –Dokumentalaren Urrezko Mikeldia Zinebiren azken edizioan–, Suitzako `À beira de Lisboa´ delakoa –Dokumentalaren Zilarrezko Mikeldia ex aequo– eta Alemaniako `Sunny´ –Fikzioaren Urrezko Mikeldia ex aequo- nabarmendu daitezke. Hau da Zinebiklub 14ren ekaineko programazio osoa:
 
Ekainak 5, 19:30etan (Zorrotza) eta ekainak 10, 19:00etan (Otxarkoaga)
- `Gericino-do lado de fora´ (Brasil, 28’), Gabriel Medeiros eta Maria Clara Senraren dokumentala.
- `This is vanity´ (Erresuma Batua, 23’), Oliver Goodrumen fikzioa.
- `El ruido del mundo´ (Espainia, 13’), Coke Riobooren animazioa.
- `The battle of the jazz guitarist´ (EEBB, 7’), Mark Columbusen dokumentala.
- `Toci neko ovde´ (Serbia, 12’), Uros Maksimovicen fikzioa.
 
Ekainak 11, 19:00etan (Otxarkoaga) eta ekainak 12, 19:30etan (Zorrotza)
- `Mi ideologia, variaciones sobre un concepto´ (Espainia, 12’), Luis E. Paresen dokumentala.
- `La Strada di Raffael´ (Italia, 24’), Alessandro Falcoren fikzioa.
- `Sangre de unicornio´ (Euskal Herria, 8’), Alberto Vazquezen animazioa.
- `Gwizdek´ (Polonia, 17’), Grzegorz Zaricznyren dokumentala.
- `Cebu´ (Kuba, 10’), Pablo Balaubreren fikzioa.
- “Shri hanuman chalisa” (India, 12’), Charuvi Agrawal-en fikzioa.
 
Ekainak 12, 19:00etan (Otxarkoaga) eta ekainak 19, 19:30etan (Zorrotza)
- `A beira de Lisboa´ (Suitza, 8’), Pablo Briones-en dokumentala.
- `Dotty´ (Zeelanda Berria, 11’), Mick Andrews eta Brett 0’Gormanen fikzioa.
- `Chile imaginario´ (Txile, 21’), Claudio Diaz Valdesen animazioa.
- `Casalata´ (Portugal, 14’), Lara Placido eta Angelo Lopesen dokumentala.
- `Duet´ (Iran, 23’), Navid Danesh-en fikzioa.
 
Ekainak 13, 19:00etan (Otxarkoaga) eta ekainak 26, 19:30etan (Zorrotza)
- `Rondo´ (Polonia, 5’), Artur Kordas-en dokumentala.
- `Liar (Erresuma Batua, 13’), Martin Smith-en fikzioa.
- `La isla de los muertos´ (Espainia, 8’), Vuk Jevremovic-en animazioa.
- `Zela Trovke´ (Euskal Herria, 13’), Asier Altunaren dokumentala.
- `Sunny´ (Alemania, 29’), Barbara Ott-en fikzioa.
- `Hotzanak, for your own safety´ (Euskal Herria, 5’), Izibene Oñederraren animazioa.