Uriolak ere jarraipen berezia egingo dio igandeko giza kateari

uriola.eus 2014ko eka. 6a, 10:31

Igandean, ekainak 8, Durango eta Iruñea batuko dituen erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katearen jarraipena egingo du Uriolak beste hainbat hedabiderekin elkarlanean. Era berean, Bilbo Hiria irratiak Arrosa Sareko irration arteko zuzeneko emankizunarekin bat egingo du 10:00etatik 14:00etara.

Bilboko Uriolak, beste hainbat hedabiderekin elkarlanean, igandeko hitzordu historikoaren berri emango du. Gure web gunean, giza katearen irudiak jaso ahalko dituzue streaming bidez eta astelehenean eduki guztiekin argazki galeria eta bideoak eskainiko dizkizuegu.

Lan hau egin ahal izateko zuen laguntza ere ondo etorriko zaigu. Beraz, gure irakurleei eskatu nahi diegu, twitter bidez argazki bat partekatzean @uriolainfo helbidea ere jartzea eta horrela, elkarlanean sareko hedabideeikin partekatuko ahalko dugu. Gure esku dago erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kateari ahalik eta zabalkunde handiena ematea.

Bilbo Hiria Irratia

Uriolaren baitan dagoen Bilbo Hiria Irratiak ere emanaldi berezia eskainiko du igande goizean. Info7k egingo duen Arrosa sarearen audio emisioa txertatuko du 10:00etatik 14:00etara eta bertan, Durango eta Iruña bitartean gertatzen denaren berri entzuteko aukera izango dugu.

Hedabideekin elkarlana

Jarraipena herri ekimeneko hainbat Hedabiderekin egingo dugu; Naiz, Berria, Gara, Info 7, Hamaika Telebista, Hitza, Argia, Ahotsa, Aiaraldea, Anboto, Arrosa irrati sarea, Barren, Goiena, Goierri Telebista, Guaixe, Hitzondo, Librean zuzenekoak, Pil-Pil, Piztu, Tolosaldeko ataria, Tokikomen biltzen diren hedabideak edota Topatu, besteak beste.