Elkarlanerako bidea, erabakitzeko bidea

uriola.eus 2014ko eka. 9a, 10:56
Euskaldunek eta kanpotik etorriek Durango eta Iruñea arteko 123 kilometroak eskuz esku bete zituzten Gure Esku Dago herri ekimenaren deiari erantzunez. Guztira, 150.000 laguneko giza katea. Erabakitzeko eskubidearen aldeko 300.000 esku lotzeraino.

 

123. kilometroan, Antoniuti parkean, casteller batek irudikatu zuen atzo herri borondatea zein indartsua eta ikusgarria izatera hel daitekeen.

Urriaren 9an erabakitzeko eskubidea gauzatzeko erreferenduma deituta dute Katalunian eta castellerra eraikiz erakutsi zuten herri borondatea, konpartitua eta antolatua denean, herritarren nahia zein gora heltzen den.

Iruñeak, Antoniuti parkeak, Gure Esku Dago herri ekimenak atzo antolatutako giza katearen muturretako batek kutsu kataluniar handia izan zuen. Ez soilik kataluniarra, anitza izan zen bertan elkartutako jendetza. Oro har, Euskal Herriko txoko guztietako herritarrak eta kanpotik etorritakoak izan ziren Durango eta Nafarroako hiriburua arteko 123 kilometroak elkarbanatu zituztenak. Guztira, 150.000 laguneko giza katea. Erabakitzeko eskubidearen aldeko 300.000 esku lotzeraino.

Ilusioa eta emozioa bero-bero

Goizean goizetik urduritasuna nabari zen nonahi bai autobusa bai autoa hartzeko zutenen artean. Eta nola ez, giza katearen arduradun eta boluntarioen artean. Antolaketak bikain erantzun zion arazo eta trabei eta errepideetan ez zen pilaketa handirik izan nor bere kilometrora iritsi ahal izateko. Behin nor bere kokapenera iritsita, beroari aurre egitea izan zen 150.000 lagunen zeregin nagusia atzo goiz-eguerdi partean. Baina ilusioa eta emozioa aringarri izan ziren, zalantza gabe. Giroa paregabea izan zen itxaronaldian eta zer esanik ez 12:00etan txalaparta, adar eta txupin hotsak ordu erdiko giza kate animotsu eta hunkigarria abiarazi zutenean. Argazkiak ateratzen edota bideoa grabatzen jardun zuten motorrak eta helikopteroa pasatzean, esaterako, partaideen oihu eta aldarriak ozen entzun ziren:

Hormak eta harresiak
ez ditugu maite
elkarrekin bizi
nahi dugu soilik
ez dugu beste inor
mendean hartu nahi
etorkizuna hautatu ez besterik

Har dezagun bidea
gure esku dago ta
milaka lagun oinez
eskutik oratuta
jende zoriontsua
herri libre batean.
Herri libre batean!