BBK Live jaialdirako bonuak eta uztailaren 12rako sarrerak agortu dira dagoeneko

uriola.eus 2014ko eka. 10a, 08:50

www.bilbaobbklive.com
Bilbao BBK Live jaialdiaren bederatzigarren edizioa bere historiako arrakastatsuena izango dela dirudi. Hiru egunetako bonuak guztiz agortu dira eta egun baterako sarrerak, uztailak 10 eta 11rako soilik eskuratu daitezke.

Orain astebete, bonuak izugarri azkar saltzen ari zirela iragarri zen. Gaur, berriz, berretsi daiteke agortu egin direla salgai jarritako hiru eguneko 35.000 bonuak. Gainera, amaitu egin dira, era berean, larunbaterako, uztailak 12 –The Black Keys kartelburu izango den egunerako- egun osoko 5.000 sarrerak. Guztira 40.000 pertsonentzako lekua dago.

Ostegunerako, uztailak 10 -Franz Ferdinand, Phoenix, Vetusta Morla, Crystal Fighters, John Newman...- eta ostiralerako, uztailak 11 -The Prodigy, Jack Johnson, Bastille, Foster The People, Conor Oberst...- egun osoko sarreren salmentak daraman erritmoa ikusita, pentsatzekoa da ‘Sold Out’ kartela zintzilikatu ahal izango dela jaialdiaren lehenengo bi egunetarako ere.

Bost euro gehiago ordainduta kanpalekurako sarbidea ematen duten txartelak ere lehengo ostegunean agortu ziren. Beraz, 15.000 lagunentzako eremu hori bete egingo da. Kanpalekuan lehen baino 3.000 bat lagun gutxiagorentzako lekua egongo da, bederatzigarren edizio honetan hobekuntzak ezarriko direlako toki erosoagoa eta zerbitzu hobeak eskaintze aldera. ‘Kale’ seinaledunak, kanpin denden kokapena hobeto erakusteko, edo jada instalatuta eta erosotasun guztiekin hornituta dauden kanpin denden alokairua edota supermerkatua izango dira berrikuntzetariko batzuk kanpalekuan.

Sarreren prezioa

Bonuak eta larunbaterako (uztailak 12) sarrerak agortuta, salgai geratzen dira soilik ostegunerako (uztailak 10) eta ostiralerako (uztailak 11) sarrerak 52 euroren truke (gehi banaketa gastuak; 6 euro).