Atxuri auzoak Bilboren eta Begoñaren artean banaturik egin zuen bere historiarik gehiena. Oraindik ere Gizakunde komentura hurreratuz gero, bertako hormari atxikita ikusiko ditugu ‘Bil’ eta ‘Beg’, Bilbo eta Begoñaren arteko muga markatzen dituzten hizkiak, kantoiari atxikita. Banaketa 1870eko anexioaz amaitu zen, Bilbok beretzat hartu zuen-eta Atxuri osoa, baita Begoñako beste alderdi batzuk ere. 1925ean egin behar zuenaren aurrekaria.
1882ko maiatzaren 30ean ireki zuten Atxuriko tren geltokia. Bilbotik Durangora joan-etorria egiten zuen trenbidearen hasierako geltokia zen. Atxurin zerbitzu eraikin garrantzitsu gutxi batzuk egon arren (ospitalea, Bilboko Aurrezki Kutxaren lehenengo egoitza…) gehienbat aldirietako auzo langilea zen, ostatuz eta tabernaz beterik, giro herrikoiaz blai. Bilbora sartzeko Larreagaburutik behera etorri behar zen orduan. Hurrean zeuzkan meatzeak eta lantegiak. Geltokia eta trenbidea eremu luze eta estuan egin zituzten, mendiaren eta Ibaizabal ibaiaren artean.
1906an Bizkaiko Erdialdeko Trenbidearen konpainiak bat egin zuen Durango-Zumarraga eta Elgoibar-Donostiakoekin eta Ferrocarriles Vascongados sortu zuten, Eusko Trenbideak alegia. Konpainia berriak geltoki dotorea nahi zuen Atxurin, lerroaren hasiera eta Bilboko atea zelako. Eta lehiaketa deitu zuen. Finalera hiru proiektu iritsi ziren, hirurak deigarriak. Ricardo Bastida arkitektoa buru zeukan epaimahaiak Manuel María Smithen diseinua hautatu zuen, bigarren eta hirugarren utzita Enrique Epalza eta Pedro Guimónenak. Hirurak daude lerro hauen ondoan.
Ibaiari begira
Manuel María Smithen (1879-1956) diseinua da, beraz, gaur egun ikusten duguna, aldaketa txiki batzuk gorabehera. 1914an amaitu zuten. Eraikin dotorea da, konpainiak nahi zuen bezala (eta gainerao geltokietan egin zuen legez) euskal hiribilduetako etxeen formetatik sortua. Euskal estilokoa, beraz. Oinplanoari dagokionez, leku gaiztoa izan arren konponbide ederra eman zion: ele hizkiaren forma dauka, kale biren kantoiari atxikita. Errepidearekin batera luzatzen da, ibaiaren paraleloan.
Trenbidea, ostera, barrualderako laga zuen. Horrela, hiriaren eta trenaren arteko hesia sortu zuen, eremu biak ondo bereizita. Aldi berean, trenbidearen eta ibaiaren artean dena libre utzi zuen, Atxurira trenaz zetorrenak goza zezan ibai ondoko paisaia –orduan- zoragarriaz eta, azken unean, Bilboren ikur diren San Anton elizak eta zubiak osatzen duten irudi politaz.
Garai baten jendea andanaka zebilen geltokiko ateetatik aurrera eta atzera. Hura amaitu zen. Gaur geltokia eta Atxuri bera bazter gelditu dira. Ez dira gehiago Bilboko atea. Baina biek merezi dute balio duten beste estimatzea.
H. Ortega