Mikel Etxaburu: “Ez nago kartzelan, ezta kalean ere... erdibidean baino”

Iraitz Urkulo 2014ko eka. 12a, 08:45

Argazkia: Susa
2011n ‘Zu zara orain txoria’ (Elkar) argitaratu ondoren, Mikel Etxaburuk ‘Hodeiak zapatetan’ bigarren poema-liburua (Susa) aurkeztu berri du.

 

Zuk literatura helburu gisa edo beste zerbait lortu/eragiteko bitarteko gisa ulertzen duzu?

Zalantza barik, zerbait eragiteko bitarteko gisa. Poema bakoitza gezitxo bat da; gutxi batzuetan ukitzen zaituen ziztada. Hori bai, behin ukituz gero ondorioak izaten ditu: pentsarazi egiten dizu. Horixe da, hain zuzen ere, bilatzen dudana, idatzita dagoenaz haratago norberak bat egitea, era batera edo bestera, hor adierazi nahi denarekin. Badiotsut, baina, gezi gutxi batzuk baino ez dutela bete-betean jotzen toki egokian.

Espetxea, ametsa, maitasuna, askatasuna… Gizabanakoa eta herriarekiko konpromisoa islatu nahi izan duzu?

Konpromisoak ondorioak dira, aldeaz aurretik zerbait edota norbait asko maite duzunean horren alde egiteko zeure buruari ematen diozun zilegitasuna. Konpromisoak norberak hartzen ditu edo ez ditu hartzen. Ez dago saihesbiderik horretan. Nire konpromiso eremuak ez dira, ordea, neure baitan agortzen. Aitortua ez den herri batekoa naiz, borroka galduetatik ikastea kostatzen zaion herri horretakoa; herri berri bat dut amets. Eta herria diodanean, argi gera bedi, Euskal Herriaz ari naizela. Bai, irmo sinesten dut etorkizunean, askatasunean eta ametsetan... eta ametsetan sinesten duena arriskutsua da, sekula ez baita geldirik edo begira geratuko. Nire poesiak horren guztiaren alde egin nahi du, inoren kontra egin beharrean geure alde egiteak indartzen gaituelako.

Poemek barne-behar bati erantzuten diote? Edo euskal irakurleon kontzientziak astintzeko asmoz idatziak dira?

Bi gauzak. Idatzitako poema bakoitzak barne behar bati erantzuten dio, eta guztiak batera, irakurlearen barrutxo horretan eragin nahi dute. Ez uste, ordea, barne-behar huts bati soilik erantzun nahi dietenik nire poemek. Hori horrela balitz, psikologo batekin nahikoa nuke. Askoz ere errazagoa izango litzateke horrela. Nire barne beharrak ez dira barne behar existentzialistak, nire barne-ahotsa beste ahots batzuekin bildu nahi dut. Eta ahots horiek guztiekin aldarri ozen bat zabaldu.

Zein da gizarteari zein kulturari egin nahiko lioketen ekarpena?

Euskal kulturari ekarpen xumea, eta gizarteari askoz ere xumeagoa. Poesia, zoritxarrez edo zorionez, ez du askok irakurtzen, eta egindako ekarpena, beraz, neurrikoa da. Ez nau, baina, horrek asko kezkatzen. Nire azken helburua ez baita poesiazale gehiago hurbiltzea literaturara. Nire helburua, poesiaren bidez, askoren ezintasunei, desirei eta ametsei beste euskarri txiki bat eskaintzea da aurrera egiten jarrai dezagun.

Oro har, poesia zuzena, biluzia eta neurri txikikoa da zurea. Edergarri artean edo molde konplexuagoetan igorri nahi duzun mezua edo esentzia bera galtzeko beldur zara?

Irakurleak poemak uler ditzan nahi dut. Irakurlearen begiak kontuan hartuta idatzitako poesia da. Ez dut nahi nire barne gatazken erakusleiho hutsa diren poemak idatzi. Irakurlearekin bat egin nahi dut, ahal dela, lehenengo takadan. Bigarren aldiz irakurri behar baldin badu ez dadila izan poemaren konplexutasunagatik, irakurri duenak barruetan eragin diolako baizik. Garai bateko klasifikadoreetarako aproposak lirateke nire poemak, kar, kar, kar.

“Oroitzapenak” eta “Oskolak”: bi atal, bi ni poetiko ezberdin.

Bata kanpotik. Bestea barrutik. Lehenengoa, oskolaren periferiatik eta bigarrena, oskolaren epizentrotik bertatik. Aurreko liburuan, Zu zara orain txoria, kartzelan idatzitako poemak daude. Gaur egun, ez nago hain kartzelan, eta ez nago hain kalean ere. Erdibidean nago, nahi baino arinago izango dugun epaiketa zital baten zain, erdi etxean erdi kartzelan. Horrek baldintzatu du Hodeiak Zapatetan poema-sorta. Beharra neukan bi eremu horietatik hitz egiteko. Bi eremu fisiko, geografiko, sentimenduzko bi eremu erabat desberdin horien arteko elkarrizketatxo antzekoak josi ditut.

“Gerezi gorriak”izenburuko azken poemak liburuko ikuspegi ilun orokorrarekin hausten du, itxaropenari ateak irekiz.

“Gerezi gorriak” oso poema berezia da niretzat, liburuko bereziena ez esatearren. “Gerezi gorriak”-ekin zuk diozun hori bera islatu nahi izan dut: ateak zabaldu daitezkeela, norabide egokian eta indarrez, bultza egiten bada. Behar baino gehiagotan, norabide egokia zein denaren gaineko barne gatazka garrantzitsuak izan ditut. Eta indarrak ere ez ditut beti sobera izan. Bai, horren guztiaren testigantza da “Gerezi Gorriak” poema. Etorkizun hobeago bati, itxaropenari gorazarre egin nahi izan diot.

Hirian bizi zaren arren, zure poesiak naturako irudietara jotzen du etengabe.

Hala da. Naturako irudiak denok ondo ulertzen ditugulakoan nago. Orokorrak dira, batzuek orokorregiak direla ere esango dute. Ez niretzat. Orokortasun horretan bilatzen baitut ezberdina denarekin batasuna. Has gaitezen bakoitzaren hodeiez mintzatzen, trukatu ditzagun zapatak bata bestearen nekeez jabetzeko. Horrela, akaso, antzeko hodeiak desiratuko ditugu. Horrela, beharbada, eraikiko dugu denontzako moduko bidea.

Bestalde, ura, euria, malkoak edo erreka bezalako irudi likidoak behin eta berriro errepikatzen dira. Horien bidez zer adieraztea bilatu duzu?

Ura, euria, malkoak… besteak beste, gure herri honen ezaugarri dira. Euriak goibel jartzen nau, ez dut batere atsegin. Malkoak ere eurizkoak dira gure artean, eta urak beti etorri zaizkigu harro, ezin igeri egiteko moduan. Baina euri berak bustitzen gaitu denok; isuri ditugun malkoek ere zapore bera daukate; erreka bereko urek borobiltzen dituzte zauritzen gaituzten harri-hertzak… Ez gara hain desberdinak oinarri-oinarrizko behar eta sentimenduez ari garenean. Edonork erraz ulertu eta hurbil sentitu dezakeen irudiak dira bilatu ditudanak.

Gai eta forma aldetik, zer ezberdintasun dago aurreko liburuko poemekiko?

Zu zara orain txoria liburua askoz ere intuitiboagoa izan zen. Poemak zetozen moduan idatzi nituen, gehiegi kezkatu barik horiek irakurlearengan izan zezaketen eragina zein izan zitekeen. Izan ere, ez bainuen sekula uste izan egunen batean argitaratuko zirenik. Hodeiak Zapatetan sortze-lan zailagoa izan da. Buelta asko, agian gehiegi, eman diot poema bakoitzari. Argitaratu den bakoitzeko beste bi, gutxienez, bidali ditut zakarrontzira. Baina desberdintasunik nabariena, nire ustez, azken honetan sakoneko durundi homogeneo bat dagoela da. Ez da poema bilduma soil bat. Poema guztiek daukate zerikusia bata bestearekin bai tonuan, zein erabilitako irudietan. Horixe da nabarmenduko nukeena.

Eta 2011ko poeta berri hura gogoan, poesiarekiko duzun jarrera ezertan aldatu da?

Poeta berria…? geroz eta zaharragoa kar, kar, kar. Ez, nire jarrera poesiarekiko ez da ezertan aldatu. Ez dut ezelako jarrera berezirik horri buruz. Esateko daukadana argi adierazteko joera daukat. Idazten dudana ere ahalik eta molderik argienean idazten saiatzen naiz. Eta sinpletasun horrekin berarekin hurbiltzen naiz poesiara, apal-apal, ezer inori eskatu barik, ezta poesiari berari ere. Poesia idazten dut eta kitto!