Hamar urte, hamaika lagun izena emon deutsie kontzertuari. Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko kultura zinegotziak adierazo dauenez, zapatuz izango da, kontzertu handien moduan. Izan be, normalean, eguaztenetan joten dabe Bilboko txistulariek. Garikoitz Mendizabal Udal Txistularien Bandako zuzendariaren arabera, XXI. mendean txistuagaz gauza asko egin leitekez eta, horregaitik, aspaldi erabili dogu buruan holako emonaldi handi bat egiteko asmoa. Mendizabalen ustez, subertea da holako artista handiak alboan euki ahal izatea, bandearen 10. urteurrena ospatzeko.
Emonaldia iluntzeko zortziretan hasiko da. Lehenik eta behin, Andoni Egañak agurreko bertso batzuk botako ditu. Ondoren, era askotako musikariak entzun ahal izango dira. Esate baterako, Gorka Sarriegi konbidau dabe. Mendizabalen esanetan, Sorotan Beleren kanta batzuk sartu nahi izan doguz eta Gorka erreskatau dogu horretarako. Eñaut Elorrieta, Kepa Junkera eta Niko Etxart be egongo dira eta, taldeen artean, nabarmentzekoak dira Gozategi eta Los Cinco Bilbainos. Txistuagaz batera joteko, abesti ezagun asko moldatu ditue kontzerturako, adibidez Eperra, Ezer ez da betiko, Badator Marijaia eta Bermioko portuan. Abesbatza batzuk be konbidau ditue, esaterako, Leioako San Juan Bautista eta Kantika koralak. Jantzariak be izango dira. Garikoitz Mendizabalek nabarmendu dau, Euskal Herri osoko 55 txistu irakasle be izango dirala taulaganean. Osogai ezin hobeak dira kontzertu eder baterako, dino bandako zuzendariak. Ordu eta erdi baino gehiagoko emonaldia izango da.
Testua: Dabi Piedra