Ahateak Bilboko itsasadarretik paseatuko dira berriro

uriola.eus 2014ko eka. 13a, 07:50
II. Estropada solidarioak zapatua eta domeka ekintzaz josiko du Bilboko itsasadarra.

Domekan, ekainak 15, goizeko 10:30ean hasiera emango dio WOP fundazioak bultzatutako II. Estropatadak. Iaz bezala, ahatetxoak protagonista dituen egitasmoak aurrera egingo du Ibaizabal itsasadarrean antolatuko den lehiaketan. Marea eta korrontearen aurreikuspenak egin ostean ikusi dute egun eta ordurik hoberena hori dela eta udaletxearekin hitz egin ondoren baimena lortu dute.

Ekintzak Itsasadarra Itsas Museoko gunean ezezik Botika Zaharrera ere zabalduko dituzte. Beraz, alde batetan zein bestetan, ondo pasatzeko ekitaldiak egongo dira: puzgarriak, tailerrak, kontzertuak eta jatekoak, hurrenez hurren. Zapatuan ere hainbat ekintza atondu dituzte Itsasadarreko museotik Guggenheim museora doan pasealekutik zehar. Ekintza kulturalak, haurrentzako jolasak, lehiaketak, kontzertuak eta eskaintza gastronomiko zabala izango da egun honetan ere.

Jaialdia udaletxeko zubian hasiko da baina ahateak Deustuko zubitik botako dituzte eta Itsasadarra Itsas Museoraino joango dira. Ibilbidea laburragoa izango da eta bide antzeko bat prestatuko dute ahateak bide horretatik bakarrik joan daitezen. 

Estropatada hainbat berrikuntzarekin eta indartsu dator aurten; hasteko, ahatetxoek diseinu berria izango dute, igerilekuko txano bat eta urpean igeri egiteko betaurrekoak eramango dituzte eta pisu gehiago edukiko dute itsasadarretik barrena azkarrago bidaia dezaten. Gainera, 50.000 ahate saltzea izango da haien aurtengo erronka, iaz baino 20.000 gehiago. Edizio honetan tiketek enumerazio bikoitza izango dute, ahatearen lehiaketarako zenbakia eta kode pertsonala www.wopato.com webgunean nahieran pertsonalizatzeko. Aurten ere plastikozko animaliak txip bidez geolokalizatuta egongo dira zuzenean horien jarraipena egiteko. Ahateak 5 euroko prezioan salduko dituzte eta fisikoki zein webgunearen bitartez eskuratzeko aukera dago. 

 

I. Estropatada

Joan den urriaren 13an burutu zen arrakasta ikaragarria lortu zuen 30.000 ahateetako Estropatada lasterketa Bilboko itsasaderretik zehar. Udaletxetik Itsasadarra Itsas Museorako ibilbidea jendez bete zen, guztiek kamera eskuan izanda, lasterketa grabatu ahal izateko. WOP-eko kideek ez zuten espero hain arrakasta handia izango zutenik. Lasterketa hilabete batzuk lehenago ahateak salmentan jarri zituzten eta ekitaldirako bi aste falta zirela agortu ziren. Bilboko Gran Vian egun batzuz eta geroago Zubiarten ere dendak ireki zituzten ahateak eta bestelako merchandaising-a saltzeko.

WOP

Walk On Project 2008an hasi zen, Jontxu, 6 urteko ume bati neuro-endekapenezko gaixotasun bat diagnostikatu ziotenean. Jontxuren gurasoak martxan jarri zuten fundazio hau, oso ezagunak ez diren neuro-endekapenezko gaixotasunak ikertzeko dirua lortzea asmoa daukana.

 

[WOP taldearen hurrengo erronka]