Bloga estreinatu du udal liburutegi sareak

uriola.eus 2014ko eka. 13a, 08:30
Gaurtik aurrera, BIBLIOTEKAKBLOGek, hiriko 16 udal liburutegiei buruzko informazioa emateaz gain, film, komiki edo liburuen gomendioak, albisteak, inkestak eta abar eskainiko dizkie erabiltzaileei, liburutegiek antolatutako kultur jarduerak bilatzeko aukera ere erraztuz, jarduerei dagokien publiko-motaren arabera.

Bilboko udal liburutegi sareak bloga estreinatu du gaur. Hiriko barrutietan zehar sakabanatuta dauden 16 udal liburutegiei buruzko informazioa emateaz gain, BIBLIOTEKAKBLOGek aisia arloko edukietara sartu eta horien elaborazioan parte hartzeko aukera eskainiko du, film edo liburuen gomendioak eta argitalpen berriei buruzko informazioa tarteko direla.

Sitea liburutegietako erabiltzaileen parte-hartzeari irekitako kanaltzat sortu da. Ondorioz, nahikoa da http://www.bilbao.net/blogs/bibliotekak/ web gunean sartzea, sareak erabiltzaileen esku jartzen dituen baliabide guztiak ezagutzeko.
 
Ordutegiei, gelen erabilgarritasunari eta maileguen baldintzen inguruko informazioari dagozkien berrikuntzekin batera, blogak arreta berezia egingo die liburutegietan antolatzen diren kultur jarduerei. Horiek guztiak hiruhileko gidan kontsultatu ahal izango dira, baita jarduerei dagokien publiko-mota (helduak, haur eta gazteak edo orokorra) aukeratuta ere.
 
Nabarmendutako beste atal batean, gomendioak delakoan, erabiltzaileek liburu, komiki, musika eta filmei buruzko iritziak azaldu eta argitaratutako postei iruzkinak egin ahal izango dizkiete. Blog hau udal liburutegien www.bilbao.net/bibliotecas web gunearen osagarria da.