`Barrutirock Day´ bertako musika bandentzat topagune

uriola.eus 2014ko eka. 13a, 08:35
Barrutirock programaren barruan dagoen `Barrutirock Day´ ospatuko dute bihar, 17:00etatik aurrera, bost edizioetan programa honetan parte hartu duten taldeen arteko harremana sustatzeko. Jam session bat, hainbat master class, doako kontzertuak eta `Practice your music´ aplikazioaren erakusketak egongo dira, besteak beste.

Gaur goizean, Barrutirock programaren barruan dagoen BarrutiRock Day ekimena aurkeztu dute Bilborocken. Bertako banda hasi berriei zuzendutako musika egitaraua da, eta bosgarren urtea bete du. Ekimenaren bitartez, programa horretan parte hartu duten 100 talde ingururen arteko harremana sustatu nahi da. Ekimena bihar, larunbata, ekainak 14, hasiko da, arratsaldeko 17:00etan, Bilborocken eta egitarau zabala eskainiko dute.  

Jam Session batekin emango diote hasiera eta saio horretan, 14 banda arituko dira bata bestearen ondoren Bilborockeko eszenatokian, euren errepertorioaren parte txiki bat eskainiz (15 minutu inguru), eta 20:30ak arte luzatuko da. Aurtengo edizioan, banden izen emateak aurreikuspenak gainditu ditu eta, ondorioz, Jam saioaren iraupena luzatu egin da. Taldeen estiloak pop-rocketik metalera doaz, hip hopetik igaroz. Parte hartuko duten banden artean hauek azpimarra ditzakegu: Aneika Ara, La Vieja, Días Negros, Mi Dulce Geisha, Selfshot, Crazy Chaos, Maila Pulsion, Pomeray y Los Aparcabicis del espacio, Social Idiocrazy, The Cryptids, Dave Uno, Eate, Electric Sound Muchachos eta La Fea Doris.

18:00etatik 19:30etara, entsegu gelek, bertako bandetako kideei zuzendutako doako master class-ak jasoko dituzte. Maisu klase horiek, Bilboko Hiria sarietan irabazle izan diren musikariek eta izen handiko profesionalek zuzenduko dituzte. Horien artean, Bilboko Hiria lehiaketan gitarra jotzaile hoberenaren saria lortu zuen Dann Hoyosek (Space Octopus), gitarra elektrikoari buruzko ezagutzak hobetzen lagunduko die taldeei. Bateria izango da Bjorn Mendizabalek (Quaoar), Bilboko Hiria lehiaketako bateria jotzaile hoberenaren saria lortutakoak, bere master class-ean landuko duen musika tresna. Amaitzeko, Letaminak “abestien grabazioa” gaia landuko du.

Teknologia berriek ere euren lekua izango dute Barrutirock Dayn, interesatuta dauden musikariek `Practice your Music´ aplikazio informatikoaren erakusketetan parte hartzeko aukera izango dutelako. Aplikazio hori, musika tresnen auto-ikasketara eta teknika hobetzera dago zuzenduta. Aplikazio horrek European AppCup 2013 saria irabazi zuen joan den urteko otsailean Bruselan, eta hezkuntza alorreko berrikuntza teknologikorako Europe Medea Awards 2013 sarietako 9 finalisten artean egon zen. 3 urte baino gehiagoz, profesional talde zabalak (musikariak, soinu ingeniariak, programatzaileak, bideogileak, etab.) aplikazio berritzaile hori garatu dute, modu atseginean, dinamikoan eta errazean musika egitea sustatzeko. Hasieratik Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Kultura Ministerioaren laguntza izan duen I+G+B proiektua da.

Ekitaldiari amaiera emateko, gaueko 21:00etatik aurrera, Jam Sessiona amaitu ondoren, Barrutirocken parte hartu duten eta proiekzio berezia lortu duten bi bandek eskainiko duten doako kontzertua jasoko du auditorioak: Maketa Lehiaketan edo Barakaldoko Rock lehiaketan saria lortu duen `Enkore taldearen hardcore melodikoa, eta 2012ko Bilboko Hiria lehiaketan banda sortu berriaren saria lortu zuen B-FLAT taldearen swing rockzalea.

Halaber, arratsalde osoan Mertxan Gunea egongo da Bilborockera sartzeko atarian. Merchandising gune horretan bertako bandek argitaratu dituzten grabazioak erakutsi ahal izango dituzte.