uriola.eus

Kalealdiaren XV. edizioak 31 konpainia eta 59 ikuskizun ekarriko ditu

  Kultura-aisialdia  Bilbo
Kaleko antzerkia, zirkua, dantza, mimoa, clowna, malabarismoak eta performanceak ikusi ahal izango dira Abandoko eta Zazpi Kaleetako ohiko eszenatokietan, arratsaldeko bostetatik gauerdira arte. Aurtengo aurrekontua iazkoa baino %45 handiagoa da programaren kalitatearen mesedetan, Udalak kaleko antzerki eta arteen alde egin duen apustua berretsiz. Aurtengo edizioan, Hortzmugaren ikuskizun berria estreinatuko da, eta beste lau antzezpen Estatu mailako erabateko estreinaldiak dira.

JaialdiarenXV. edizioak 31 konpainiatako 108 artista bilduko ditu guztira, Bilboko kaleak ikuskizunez bete ditzaten. Uztailaren 1etik 5era bitartean, 59 emanaldi antolatuko dira guztira, Abando eta Zazpi Kaleetako leku desberdinetan.
 
Programan, era askotako ikuskizunak bildu dira, hala nola, kaleko antzerkia, zirku-ikuskizunak, dantza, mimoa, clowna, objektuen manipulazioaren inguruko malabarismoa, performance artistikoa edota Arriaga Antzokiaren fatxadaren parean egingo den antzerki bertikaleko ikuskizun bat.
 
Aurtengo aurrekontua iazkoa baino %45 handiagoa da, 134.000 eurotik 194.000 eurora igaro delarik, eta horrek dagokion eragina izango du programaren kalitatean. Igoera horrek berretsi egiten du Udalak kaleko antzerki eta arteen alde egindako apustua, Bilboko Kalealdia Hirian antolatutako kultur eta aisia arloko maila goreneko udako eskaintzatzat posizionatu duena.

Bilboko Kalealdiak publikoa ohiko ezenatokietara deitu du berriz ere: Areatza, Plaza Barria, Arriaga Plaza, Arbieto kalea eta Aldundiaren Jauregia Kale Nagusian. Era berean, ikuskizun bat eskainiko da Epaltza kalean, Zubi Zuriaren aurrean. Ohikoa denez, Jaialdiaren hasierako bi egunetan, ikuskizunak Zabalgunean eta Zazpi Kaleetan izango dira, eta gainerako hiru egunetan, saio guztiak alde zaharrean egingo dira.
 
Bilboko Kalealdiaren XV. edizio honetan parte hartuko duten konpainien jatorriari dagokionez, 13 talde edo banakako artista Frantziakoak dira, bi Japoniakoak, bat Italiakoa eta beste bat Holandakoa. Beste sei Kataluniatik etorritakoak dira, bat Gaztela eta Leongoa eta gainerako zortziak Euskal Herrikoak. Guztira, 108 pertsonak osatzen dute Jaialdia amaitu arte bilbon bilduko den artista multzoa.
 
Kaleko arte eszenikoetan trebatutako euskal konpainien aldeko apustuari eutsiz, Bilboko Kalealdiakbertako talde hauek bildu ditu aurtengo ediziorako: Hortzmuga (kaleko antzerkia), Ertza, Organik eta Kukai (hiriko dantza), Ganso & Cía. (clowna), Malas Compañías (akrobazia eta kaleko antzerkia), Barbara Govan (zirkua) eta Kolectivo Monstrenko & Zanguango Teatro, Euskadiko talde batez eta Gaztela eta Leongo beste batez osatutakoa.
 
Estreinaldiak
Jaialdiaren aurtengo edizioaren barruan, Hortzmuga antzerki taldearen azken lana estreinatuko da. “Nola”, Bilbon 1989an sortutako konpainia honen lan berria, Arriaga Antzokiaren alboko aldean aurkeztuko da barikuan eta zapatuan, hilak 4 eta 5, 19:00etatik aurrera. Konpainiaren beraren esanetan, bi orduko ikuskizun hau “pertsonen barne-munduen mundua da, desberdina izatea arrunta den mundua, istorio bat kontatzeko bestelako mundua”. Hauxe da aforo mugatua izango duen antzezpen bakarra, eta muntaiaren formatu txikiari erreparatuta, saio bakoitzean gehienez 20 pertsona bildu ahal izango dira. Erabateko estreinaldi honez gain, Bilboko Kalealdiaren edizio honetan taularatuko diren beste lau muntaia ere lehendabiziko aldiz eskainiko dira Estatu osoan.
 
La Salamandre, O Ultimo Momento eta Sacekripa talde frantziarren emanaldiek ere publikoaren arrera erakarriko dute. Lehenengoa suaren erabileran espezializatu da 22 urteko ibilbidearen ondoren, eta musika, dantza eta sua konbinatuz kultur globalizazioaz gogoeta egitera gonbidatzen duen “Essat” delako ikuskizuna eskainiko du, eszenatokian 13 antzezle bilduta. Bestalde, O Ultimo Momento masta txinatarraz egindako aireko teknikan eta akrobazietan trebatutako taldea da, eta Sacekripa, Frantziako hainbat herritan lortutako arrakastaren ondoren iritsiko da Bilbora, ezusteko unibertso batean umorea eta fantasia konbinatzen dituen traste zaharrez eta egoera absurduez betetako ikuskizun batez.
 
Frantziako hiru konpainia hauez gain, Manolo Alcantara artista kataluniarrak bi ikuskizun aurkeztuko ditu. Horietako batek Leioako Umore Azokako saria lortu berri du. Era berean, Pirineoetako Zirku Gala ere nabarmendu behar da, formatu txikiko eta zailtasun handiko ikuskizunak bilduko baititu, artista kontsakratuen nahiz Kontinente Zaharreko zirku-eskoletatik ateratako artista gazteen eskutik. Europa mailako lankidetza-proiektu hau, FEDER funtsek eta Espainia-Frantzia-Andorrako Lurralde-Lankidetzarako Programa Operatiboak diruz lagundu dute.
 
Ikuskizunak era askotakoak dira, genero eta estilo desberdinetakoak. Emanaldi guztiak doakoak dira, salbu eta Areatzan kokatutako karpa txikiko eszenatoki berrian taularatuko direnak, bi euroko prezio sinbolikoa izango baitute. Hemen, Sacekripa talde frantziarrak clown-umorea eta fantasia uztartzen dituen “Marée basse” antzeztuko du (eguneko bi saiotan, 18:00etan eta 20:00etan, uztailaren 2, 3 eta 4an). Areatzan bertan, Manolo Alcantara kataluniarrak ekilibrismoa eta zuzeneko musika konbinatzen dituen “Rudo” ikuskizuna eskainiko du harmailez hornitutako eremu itxi batean. Hilaren 5ean taularatuko da, bi saiotan, 18:00etan eta 20:30ean. Artista honek beste ikuskizun bat eskainiko du Areatzan, hilaren 4an, hau ere bi saiotan, 18:45ean eta 20:30ean.
 
Programazio arratsaldeko bostak edo seiak aldera hasiko da egun-egunero, eta beranduenez, gauerdia baino zertxobait beranduago arte luzatuko da eszenatoki desberdinetan. Ikuskizun guztiak adin guztietako publikoentzat egokiak dira, salbu eta hilaren 3an, 23:00etatik aurrera, Arriagaren ondoan eskainiko den “Entre lombrices” izenburukoa, 16 urtetik gorakoentzat gomendatutakoa baita.
 
Jaialdia Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu du, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Metro Bilbao eta Institutu Frantsesaren lankidetzaz. Bilboko Kalealdia, 2004an sortu eta sektoreari eusten dioten kolektibo desberdinak (konpainiak, banatzaileak, azokak eta jaialadiak) biltzen dituen Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Elkarteari atxikita dago.
 
Programazio, ordutegi eta kokapenei buruzko informazio guztia webgune honetan eskura daiteke: www.bilbokokalealdia.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa